M.A.
ERRENTERIA
Entrevista
KAROL LASARTE
MAITEXA ESTANKOA (ERRENTERIA)

«Jendea kalean ibiltzea behar du gure negozioak»

Tabakoaren sektoreak eta haren saltzaileek debeku asko izan dituzte osasun krisia hasi aurretik ere. Nola bizi izan duzue azken urte eta erdia?

Ez dira garai onak izan ia inorentzat. Guk egoera hori guztia nahiko motel bizi izan dugu. Une oro ezarri dizkiguten neurriak bete eta errespetarazi behar izan ditugu, eta, zentzu horretan, tentu handiz jokatu behar izan dugu bezeroekin. Beharbada, hasierako uneak izan ziren gogorrenak; nola jokatu ere ez genekien momentu horiek, alegia. Behin jendea egoera berrira ohituta eta dinamika hartuta, ez dugu beste munduko arazorik izan.

Estankoak zabalik mantendu dira krisiak iraun duen bitartean. Beste sektore batzuek baino hobeto egin al diozue aurre krisiari?

Egia da gu ez garela ixtera behartuak izan eta hori, hasiera batean behintzat, abantaila izan da. Hala ere, gure bezero diren beste negozioek pertsiana jaitsi behar izateak kalte nabarmena eragin digu. Izan ere, jende eta diru mugimendurik ez badago kalean, gure negozioek, eta oro har ekonomiak, ezin dute aurrera egin, eta hori derrigorrez salmentetan sumatzen da. Hori gutxi ez eta instituzio publiko eta beste erakundeen partetik laguntzarik ez dugu apenas izan, eta beraz, ez daukagu pozik egoteko motibo askorik.

Uztaileko azken egunetan gaude jada. Uda sasoia zuen negozioarentzat pizgarri izan daitekeela uste al duzu?

Beste urtaro batzuekin batera uda garai ona izan ohi da guretzat. Iazkoa, hala ere, ez zen nahi bezain ona izan, eta oraingoak, aldiz, itxura hobea izan arren, ikusi egin beharko da nondik nora doan. Sasoi honetan jaiak eta beste mota bateko ospakizunak izaten dira eta jende mugimendu nahiko handia izaten da, eta hori onuragarria da gurea bezalako negozio batentzat. Izan ere, jendea kalean ibiltzea behar du gure negozioak, aurrera egin ahal izateko.