Liga Castrora itzuliko da
Iaz lehen aldiz bertan estropadarik jokatu gabe geratu ostean, TKE Liga Kantabriara itzuliko da gaur.

Euskotren eta Eusko Label Ligak zazpigarren eta zortzigarren jardunaldiak izango dituzte asteburu honetan, gaur Castron eta bihar Lekeition. Alde horretatik, aipagarria da TKE Liga Kantabriara itzuliko dela gaur, iaz bertan estropadarik jokatu gabe geratu ondoren, lehen aldiz maila nagusiaren historian.
TKE Ligak lotura estua izan du Kantabriarekin bere sorreratik bertatik. Kantabriarrek emaitza bikainak lortu izan dituzte lehiaketan eta irabazleen zerrendan ageri dira, esaterako, Astillero –bi aldiz irabazi zuten Liga, horietako bat lehen edizioa, 2003a– eta Castro –2009an txapeldun eta hainbat aldiz bigarren edo hirugarren–.
Pedreña, Camargo edo Laredo dira gorengo mailan ibili izan diren beste ordezkari kantabriarrak, baina 2017an Astillerok maila galdu ondoren 2018an ez zen bertako trainerurik izan gorengo mailan. 2019an Astillerok berak sartu-irtena egin zuen, baina ez iaz eta ez aurten ez dago bertako ontzirik lehian. Eta iaz estropadarik ere ez zen jokatu Kantabriako uretan.
Aurten, ordea, Caixabank Banderak Castro Urdialesen ipiniko dira jokoan, eta Liga oso kutuna duen estropada eremu batera itzuliko da. Estropada bikainak ikusi izan dira bertan eta ikusleentzat ere oso esker oneko eremua da, azken txanpa bertatik bertara ederki ikusten delako, nahiz eta aurten kontuz ibili beharko den pandemiaren erruz.
Ohikoa denez, arratsaldeari Euskotren Ligako lau ontziek emango diote hasiera, 17.40an. Liga pil-pilean dago: sailkapen nagusiko buruan 19 punturekin berdinduta daude Arraun Lagunak eta Orio, eta hirugarren postuan beste hainbeste gertatzen da Hondarribiarekin eta Donostiarrarekin, biak 11 punturekin.
Ondoren gizonezkoen estropada iritsiko da, eta txandak sailkapen nagusiaren arabera antolatuko dira. Aurrenekoan Zarautz, Tiran, Ares eta Lekittarra irtengo dira; bigarrenean Cabo, Ondarroa, Bermeo eta Donostiarra; eta hirugarrenean Orio, Zierbena, Hondarribia eta Santurtzi. Santurtzi lider da zazpi punturen aldearekin eta Zarautz azken postuan dago lau puntuko desabantailarekin.
Bihar, bestalde, Lekeition dute hitzordua ontzi horiek guztiek. Euskotren Ligako estropada 11.40an hasiko da.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
