GARA
IRUÑEA

Igor Suberbiola kalean da, espetxean hamahiru urte egin ondoren

Euskal preso politiko bat gutxiago dago, Igor Suberbiola Zumalde donostiarrak Mont-de-Marsango espetxea atzean utzi zuelako atzo goizean. Zigorra guztiz agorturik atera zen aske, hain zuzen.

Hamahiru urtez luzatu zaio kartzelaldia. Izan ere, 2008ko maiatzean atxilotua izan zen Bordelen, bost urte geroago hilko zen Xabier Lopez Peñarekin, Jon Salaberriarekin eta Ainhoa Ozaetarekin batera.

Suberbiola 2012an epaitu eta zigortu zuten Parisen, ETAko kidea izatea leporatuta. Oihartzun handia izan zuen kasuak, zehazki, orduan epai aretoan erakutsitako jarrerarengatik, «eragindako sufrimenduaren aitorpen zintzoa» egin zutelako epaituek, konponbide osoa aldarrikatzearekin batera. Horrelako adierazpenak errepikatu egin dira ondoren.

Estatu frantsesean euskal ordezkaritzarekin batera abiatutako prozesuan hurbildua izan zen Igor Suberbiola 2018an, Euskal Herritik 750 kilometro ingurura dagoen Arleseko kartzelatik Landetako Mont-de-Marsanera lekualdatuz. Hor bete ditu, beraz, zigorraren azkeneko hiru urteak. Sei euskal preso daude oraindik hor.

Estatu frantsesak jarritako zigorrari espainiarraren jazarpena erantsi zaio. Izan ere, Auzitegi Nazionalak Suberbiola Espainiaratzeko saiakera egin zuen, Segiko kide izan zelako epaitzeko asmoz, hamalau urteko kartzela zigorra planteatuz.

Frantziar epaitegiek ukatu egin zioten, ordea; Estatu espainolari gogorarazi ziotenez, gazte erakunde independentista 2007an utzi zuten legez kanpo, baina Igor Suberbiola lehenago izan zen Haikako kide, mende honen hasieran hain zuzen ere.