GARA
Donostia

Foro Sozialak egia aldarrikatu du desagerrarazitako pertsonentzat

Behartutako Desagertzeen Nazioarteko Egunaren bezperetan, Foro Sozial Iraunkorrak berriro jarri ditu mahai gainean Euskal Herrian, gatazkaren testuinguruan, gertatutako hamalau desagertze behartu dokumentatuak. Pertsona horietatik zazpik oraindik ere desagertuta jarraitzen dutela salatu zuen plataformak.

Nekane Altzelai eta Tasio Arrizabalaga Foro Sozial Iraunkorreko kideek bortxazko desagertzeen biktimentzako egia bultzatzea eskatu zuten atzo. Euskal Herrian guztira 14 dira desagertze behartuen kasuak. Pertsona horietako zazpi oraindik ez dira agertu eta, hortaz, ez dira argitu haien kasuak. Datorren astelehenean Behartutako Desagertzeen Nazioarteko Eguna izango da, NBEren babespean.

«Behartutako desagertzeak giza eskubideen urraketa larriak dira. Horrela jasotzen du Nazio Batuen Gutunak. Gainera, herritarren artean terrorea eragiteko estrategia ere badira. Praktika horrek sortzen duen segurtasunik eza ez da desagertutako pertsonaren hurbileko ahaideengana mugatzen, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio», azaldudu zuten.

Euskal Herrian, «zazpi dira dokumentatutako behartutako desagertze kasuak, indarkeriaz baliatu diren hainbat agentek gauzatu zituztenak»: Irunen bizi ziren Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga coruñar gazteak, 1973an Biarritz eta Donibane Lohizune artean desagertutakoak; Eduardo Moreno Bergaretxe, “Pertur”, 1976ko uztailean desagertutakoa; Tomas Hernandez, Hendaian 1979an desagertutakoa; Jose Miguel Etxeberria “Naparra”, 1980an desagerrarazia; eta Jean Louis “Popo” Larre, 1983an.

Horiez gain, badira desagerrarazi zituzten baina gero haien gorpuak agertu diren pertsonen kasuak: Jesus Martinez Martinez eta Jesus Maria Gonzalez Ituerobi polizia espainolak; Bernardo Bidaola “Txirrita”; Joxean Lasa eta Joxi Zabala; Mikel Zabaltza; eta Jon Anza.

Guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela azpimarratu zuen Foro Sozialak. «Behartutako desagertzeen biktimen kasuan, egia jakiteko eskubidearen printzipioak erabateko garrantzia hartzen du. Senitartekoa non dagoen ez jakiteak eta desagertzearen inguruabarrak ez ezagutzeak sortzen duten mina eta sufrimendua izugarriak eta sendatzen oso zailak dira. Hala jakinarazi digute, sarritan, desagertuen senide askok. Beren esanetan, egia ezagutzeko eskubidea da elementu nuklearra, abiapuntua, justiziatzat ulertzen dutena».