Iraide IBARRONDO
BILBO

Gorbeiako basoak gordetzen duen «Naturaren sekretua»

Phanta Rei konpainiak sortutako «Naturaren sekretua» antzezlanak Gorbeialdeko basoak erabiliko ditu oholtza gisa. Ikuskizuna irailaren 2tik 13ra bitartean Muruako basoan (Zigoitia, Araba) ikusi ahalko da. Ikusleek ingurumenarekin bat egitea da lanaren helburua.

Irailaren 2tik 13ra bitartean Phanta Rei konpainiak “Naturaren sekretua” izeneko antzezlana eskainiko du Muruako basoan. Ikusleak basoan murgiltzeaz gain, ingurumenarekin bat eginaraztea da obraren helburua.

Panta Rhei konpainiak Muruako (Zigoitia, Araba) basoa erabiliko du agertoki gisa “Naturaren sekretua” ikuskizunean. Bertan kantu, dantza, musika eta performance diziplinetako hamar artista baino gehiago ariko dira elkarlanean, bizimodu naturalago eta jasangarriago baten defentsan.

Izan ere, “Naturaren sekretua” lanaren zuzendari artistiko eta antzezle Idoia Ayestaranek aurreratu du «pixka bat performatiboa eta multidiziplinarioa» izango dela eta ez duela genero zehatzik izango. Aldiz, «mugimendua eta espazioaren okupazioa» iradokiko ditu ikuskizunak. Horretarako, elementu naturalez soilik egindako eskulturak erabiliko dituzte antzezlanean, era horretan naturaren etika eta estetika aldarrikatuz.

Bestalde, antzezlanak gatazka planteatuko duela aurreratu du obraren zuzendari artistikoak, tribu antagonikoetako pertsonaiak aurrez aurre jarriz «harmonia harreman bat» iradoki nahi baitute obran zehar. Hortaz, Ayestaranek azaldu du garrantzitsuena proposamen bat planteatzeko lengoaia guztiak nola sartzen diren izango dela.

Horretaz gain, Ayestaranek azaldu du antzezlanak ez duela testu askorik izango: «Momentu batzuetan narratzaile bat agertzen da, baina testu gutxi dauka. Hitzak ez dira oso garrantzitsuak. Dena da irudia, giroa eta errespetu handi batekin egindako soinua».

Narratzaileak euskaraz hitz egingo du eta euskara guztiz ondo ulertzen ez dutenentzat itzulpen txikiak eskainiko dituzte.

Antzerkiak naturarekiko errespetuaren alde egiten duen aldarrikapen horren barruan, atrezzorako erabilitako materialek ingurumenarekin sintonian daudela azpimarratu du Ayestaranek: «Ez dugu pintura kimikorik, ezta plastikorik ere, erabili. Arropak margotzeko erabili ditugun tinte guztiak naturalak dira».

Bitxikeria gisa, ahuakate hezurrekin urre koloreko eta tonu berdeko tindagaiak eskuratu dituzte; erremolatxatik, tonu lilak eta gorrixkak, eta tipula azaletatik, aldiz, tonu horixkak.

Soinuari dagokionez, naturarekiko errespetu bera mantenduko dute. «Ez gaude ekipo anplifikatu batekin», ohartarazi du Ayestaranek. Hori lortzeko, perkusioak eta ahotsak basoko soinuekin sortuko dituzte.

Ikusleak Muruako aparkalekuan elkartuko dira, eta gero basorantz abiatuko dira taldean. Horregatik, gomendagarria da arropa eta zapata erosoak eramatea, basoan zehar ibilaldia egingo baitute. Hori horrela, publikoa ez da era estatikoan toki zehatz batean eserita egongo. Mugimenduan egongo da, naturaren erdian, eta Ayestaranek esan du bidaia horren bitartez «giro miresgarri bat sortzea» bilatzen duela antzezlanak.

Publikoaren adin tarteari dagokionez, sei urtetik gorako haurrak arazorik gabe joan daitezkeen arren, publiko gazte eta nagusiago bati zuzenduta dago ikuskizuna.

Sarrerak salgai daude Phanta Rei konpainiaren web orrialdean eta 15 euroko prezioa izango dute.