J.SALBADOR
ZESTOA
Entrevista
MIKEL ARREGI
ZESTOAKO ALKATEA

«Kultur ekitaldiak modu seguruan egin daitezke»

Zestoa da datozen egunotan jaiak ospatu behar lituzkeen herrietako bat. Bertako Udalak, iaz egin bezala, bertan behera utzi zituen herriko jai nagusiak zein auzoetakoak, baina kultur egitarau zabala prestatu du uda osorako, tartean asteburu honetako kontzertua. Alkateak dei egin die zestoarrak ez direnei ez bertaratzeko, joan den astean jende pilaketak izan zirelako.

Ezertan hasi aurretik, nola joan da uda Zestoan osasun egoerari dagokionez?

Aurtengo uda, orokorrean, ondo joan dela esan dezakegu. Gorabehera batzuk izan dira, inguruko herrietan bezalaxe, batez ere uda hasieran, baina orain kutsatzeen maila beherantz doa. Eta bestetik, azpimarratu beharra dago bi mila biztanletik gorako herri bakarra garela, Osakidetzako datuen arabera, covid-arengatik heriotzarik izan ez duena. Eta hori poztekoa da.

2020ko irailean Udalak herria konfinatzeko erabakia hartu zuen, kutsatze maila asko igo zelako «ez-jaien» ondorioz. Orain ere jaiek ate joka behar lukete. Zer erabaki hartuko du Udalak?

Aurten ere jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu genuen, noski, baina uda osorako kultur egitarau zabala prestatu dugu, kultur ekitaldiak modu seguruan egin daitezkeela uste dugulako. Iaz ikusi genuen posible zela, eta aurten ere horrela egin dugu, lehenbizi auzoetan eta gero herrigunean. Horrela, asteburu honetan eta hurrengoan egitarau horrek jarraipena izango du, baina ez da inolako festarik izango. Egia da lehengo asteburuan, Bulego eta Nogen taldeen kontzertuaren ondoren, jende pilaketa batzuk izan zirela, inguruetako jende asko etorri zelako. Horregatik, datozen kontzertuen ordutegia bi ordu aurreratzea erabaki dugu, tabernak gaueko hamarretan ixtea adostu dugu ostalariekin eta ohar bat kaleratu dugu kanpoko jendeari Zestoara ez etortzeko eskatuz, herriak dituen ezaugarriengatik bertako kaleetan kutsatze orokor bat gertatzeak ondorio larriak izan ditzakeelako.

Zestoak turismo eskaintza zabala dauka: bainu etxea, Ekainberri, Urolako bide berdea… Zer-nolako uda bizi izan duzue herrian turismoari dagokionez?

Iaz bezala, aurten ere igarri dugu jende gehiago etortzen dela barnealdera, kostaldeko herriak jendez gainezka daudelako; hala, Zestoako azpiegitura turistikoek jende asko erakarri dute aurten. Bainu etxearen irekierak, adibidez, eragin zuzena izan du herriko ostalaritzan, eta taberna zein jatetxeek otordu asko eman dituzte. Gogoratu behar da bainu etxea Gipuzkoako hotelik handiena dela. Bide berdeak ere jendea erakartzen duela konturatu gara, nahiz eta oraindik Iraeta eta Zumaia arteko zatia bukatu gabe egon. Pandemia dela eta Aldundiak atzeratu egin zituen lanak, baina guretzat estrategikoa da Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Aratz-Aizkorri Parke Naturala lotzen dituen bidea martxan egotea, ez Zestoarentzat bakarrik, baita Urola bailararentzat eta Gipuzkoa osoarentzat ere.

Herriko ostalaritza eta merkataritza, beraz, ondo aritu dira lanean uda honetan. Hala ere, laguntzarik jaso dute Udalaren aldetik murrizketei aurre egiteko?

Bai, bere garaian dirulaguntza batzuk atera genituen, herriko komertzio txiki eta ostalariei zuzenduta, batez ere azken horiek izan dituzten murrizketei aurre egiten laguntzeko. Eta aurtengo aurrekontuetan ere diru partida bat gordeta daukagu covidak oraindik kalteak eragin ditzakeelako ostalaritzan. Baina bai, ostalariak lanean gustura dabiltzala esaten digute, nahiz eta arauak betearazteak lan handia ematen dien.

Azkenik, deialdi bereziren bat egin nahiko zenuke datozen egunetarako?

Bai, herritarrei gogoratu oraindik ere pandemia egoeran gaudela, ulertzen dugula jendeak disfrutatzeko gosea duela, baina oraindik neurriak zorrotz betetzen eta elkarren artean zaintzen jarraitu behar dugula. Eta kanpotarrei, herrira ez etortzeko deia egin beharrean gaude. Horrela esanda arraroa gerta daiteke, baina behartuta gaude deialdi hori egitera guztion osasuna zaintzeko.