GARA
ZANBRANA

Langile bat hil da Zanbranan; aurten basogintzan zendu den bosgarrena da

Datuak latzak dira: atzo Zanbranan zuhaitzak mozten ari zela hil zen 38 urteko langilearekin, bost dira jada aurten Euskal Herrian basogintzan zendu diren lagunak, eta 44 guztira, gure herrian 2021 honetan hil diren langileak. Arrazoiak ikertzeko eskatu dute sindikatuek.

38 urteko langile bat zendu zen atzo Zanbranan, zuhaitzak mozten ari zela. Hiru egunean hil den bigarren langilea da, 2021 honetan Euskal Herrian zendu den 44.a, eta aurten basogintzan bizia galdu duen bosgarrena. Zenbakiak hotzak dira, baina ahantzi egiten zaigun arren, atzean pertsonak eta familiak daude eta datuak oso esanguratsuak dira.

Lakuako Segurtasun Sailak eman zuen atzoko ezbeharraren berri: 12.15ean gertatu zen. Ertzaintzak abisu bat jaso zuen eta Gobernuak heriotza baieztatu zuen. ELAk jakinarazi zuenez, hildako langilea Contrachapados Archena Castellongo enpresarentzat ari zen zuhaitzak mozten. Sindikatu horren arabera, lehenengo zantzuek zioten enborraren euskarria puskatu eta arbola gainera erori zitzaiola.

Arabako Aldundiko suhiltzaileak zaurituari laguntzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten haren bizia salbatu.

Osalan Lan Segurtasun eta Osasun Institutuko teknikariak istripua gertatu zen lekura joan ziren arrazoiak ikertzera eta egon litezkeen ardurak argitzera. Auzitegi medikuak ere bertaratu ziren gorpua Gasteizko Auzitegi Medikuntzako Institutura eramateko, han autopsia egin ziezaioten.

Esan bezala, basogintzan zendu den bosgarren langilea da jada aurten. ELAk sektore honetako «lan baldintza gogorrak» kritikatu zituen. «Instituzio publikoek erabat utzita» dituztela gaineratu zuen. LABek, bestalde, adierazi zuen langileriak eta jendarte osoak martxan jarri behar dutela. Horregatik, antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen; bihar, 12.00etan, euskal gehiengo sindikalak Gasteizko Probintzia Plazan eginen duen elkarretaratzera kasu.