Testua: J.S.

kultur bizitza suspertzen hasi da pixkanaka Urretxun

Urte eta erdiko etenaldi derrigortuaren ondoren, Urretxuko kultur taldeak hasi dira proiektuak prestatzen eta datozen egunetan hainbat emanaldi eskainiko dituzte; horien artean herri arteko folklore jaialdia eta Iparragirreri buruzko erakusketa.

gara-2021-09-09-Noticia

Urretxuko jaietan urtero kultur ekitaldi ugari antolatu ohi da. Aurten, jairik ez badago ere, kultur aberastasun hori bildu nahi izan du Udalak, herriko hainbat talderekin batera prestatu duen egitarauan.

Lehen ekitaldia, esaterako, Herri Arteko Folklore Jaialdia izango da; bihar, arratsaldeko zazpietan, Aldiri kiroldegian –aurretik kalejira egingo dute herrian zehar–. Urretxuko Lurra taldeko kideak dira antolatzaileak eta aurtengo gonbidatuak Valentziako Les Potisses eta Iruñeko Ortzadar dantza taldeak izango dira.

Lurra taldeko Juan Luis Elgarrestak azaldu digunez, folklore jaialdia 31 urtez egin da etenik gabe Urretxun, eta iazko parentesiaren ondoren, «dagoeneko gogoa genuen zerbait egiten hasteko». Biharko jaialdia, gainera, gazteak motibatzeko baliagarria izango dela uste du. «Taldean 120 ume ditugu, orain gutxi arte ezin izan gara entseguak egiteko elkartu, eta bada garaia pixkanaka gauzak egiten hasteko», azaldu du Elgarrestak.

Pandemiaren eraginez, jaialdia antolatzea inoiz baino zailagoa izan dela ere nabarmendu du, «Valentziako eta Nafarroako talde bakoitzean 40 pertsona inguru direlako eta horiek mugitzea eta kide guztiei ostatu ematea, osasun baldintzak betez, ez delako gauza erraza».

Horregatik, Lurra taldeko kideek dei egin die herritarrei jaialdira hurbildu eta dantza taldeetako kideak txaloz animatzeko, «horiek ere beharrezkoak ditugu eta».

Datorren ostiralean, bestalde, Iparragirreren bizitzari buruzko erakusketa zabalduko da Juan de Lizarazu erakusketa aretoan. Udal Kultura sailetik azaldu digutenez, iaz ospakizun eta ekintza asko aurreikusita zegoen Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena oroitzeko, baina guztiak ezin izan ziren gauzatu pandemia egoeragatik.

Orain, ospakizunen itxiera gisa, 2018az geroztik bildutako argazki, liburu, prentsa artikulu eta beste hainbat dokumentu erakutsiko zaizkie herritarrei. Baita inoiz jendaurrean erakutsi ez den estandarte bat ere.

EGITARAUA

• Irailak 11, larunbata: 19:00 Herri Arteko Folklore Jaialdia, Aldiri kiroldegian.

• Irailak 12, igandea: 12:00 Bandaren kalejira. 11:00 / 13:00 / 18:00 “Lurretikan”, bisita gidatuak Santa Barbaran.

• Irailak 17, ostirala: 17:30-20:30 Iparragirre 2020 erakusketa, Juan de Lizarazu aretoan. Asteartetik igandera. &hTab;19:00 Erraldoi eta Dultzaineroen kalejira.

• Irailak 18, larunbata: 12:30 Kimuak Dantza Kolektiboa: “genEroa”, Ederrena pilotalekuan. 18:00 Hip Hop jaialdia, Labeaga aretoan. &hTab;&hTab;20:00 Txistu kontzertua, Iparragirre plazan.

• Irailak 19, igandea: 11:00-14:30, Artisau azokak, Gernikako Arbola eta Iparragirre plazetan. 19:00 AMAK & Esne Beltza, Ederrena pilotalekuan.

• Irailak 20, astelehena: 11:00-14:00 / 17:00-20:00 Haurren jolasak, Belaustegi plazan.

• Irailak 25, larunbata: 18:30 / 21:00 ETS En Tol Sarmiento, Ederrena pilotalekuan.