Testua: J.S.

Kultur eskaintza zabala izango da Galdakaon iraila bukatu arte

Galdakaon aurten ere ez da jairik izango, baina Udalak, kulturaren alde egina duen apustuarekin jarraituz, 61 ekitaldiz osatutako agenda prestatu du irail bukaerara arte, Jai Batzordearekin elkarlanean, formatu txikian eta adin zein gustu guztiei zuzenduta.

gara-2021-09-09-Noticia

Zirkua, antzerkia, musika, dantza, bertsoak, pilota partidak, mendi irteerak, zinema, bisita gidatuak… Mota guztietako 61 ekitaldi izango dira Galdakaon irailaren 8an hasi eta 26ra arte. Ia guztiak aire zabalean izango dira, eta denak doan.

Asteburu honetan, adibidez, Acordes Navarros, Kai Nakai, Willis Drummond eta gaitero zein txistularien kalejirak izango dira, musikari dagokionez. Igande arratsalderako, berriz, bertso saioa dago iragarrita Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariekin.

Kultur Plazaren egitaraua aurkezteko agerraldian, Iñigo Hernando alkateak berretsi egin zuen Galdakaoko Udalak kulturaren alde egina duen apustua, iaz egin zuen antzera. Izan ere, herrian egiten den kultur eskaintza zabalaren jarraipen gisara aurkeztu zuen egitasmoa, eta iazko arrakasta ikusita, Udalak esperientzia errepikatzea erabaki duela azaldu zuen.

Adin eta gustu guztietarako programa prestatu dute, ekitaldi sortak diziplina asko biltzen baititu. Horrekin batera, bertoko musikari zein bestelako sortzaileek ere lekua izango dute egitarauan, kultur hartzaile gisa ez ezik, herritarrak kultur sortzaile gisa aritzea sustatu nahi duelako Udalak.

Kultura segurua dela nabarmendu ondoren, Udal agintariek ekitaldietan gozatzeko deia egin diete herritarrei, baita erantzukizunez aritzeko eskaera ere, ardura kolektiborako deia eginda.

Jai Batzordea

Galdakaoko Jai Batzordea Udalarekin elkarlanean aritu da aurten ere Kultur Plazari jarraipena emateko. Ekarpenak egiteaz gain, ekitaldiak gauzatu ahal izateko laguntzaile gisa arituko dira Batzordeko kideak, eta elkarlan horren parte izateko deia egin die batzordea osatzen duten elkarteei zein kuadrillei.

Jai Batzordeko kide Angel Ezkurrak arduraz jokatzeko deia ere egin zien herritarrei, «jai maiteak» ahal bezain laster itzul daitezen.

Amets Iturbek, Jaiak, Gazteria eta Kiroletarako zinegotziak, eskerrak eman zizkion Jai Batzordeari, ekarpenengatik eta egingo duten boluntario lanagatik. Herriko elkarteen proposamenak programazioan txertatu direla azaldu zuen eta, aldi berean, herriarentzako landutako egitaraua herritarrekin ondu dela. Bertoko musika taldeen emankizunak jarri zituen adibide, herriko hamar musika talderen kontzertuak entzun ahal izango baitira, izena eman duten guztienak.

Formatu txikiaren xarma eta ikuskizunak leku gehiagotara zabaltzearen aberastasuna ere aipatu zituen Iturbek, Urretan eta Aperribain ere emankizunak izango baitira.

Horrela, ikuskizunak Ardanza parkean, Iturrondo plazan eta Aperribaiko frontoian izango dira; zine eta dokumentalak, Urreta H.I. ikastetxean; eta pilota partidak, Kurtzea frontoian. Euria eginez gero, Torrezabal kultur etxera edo Urreta H.I. ikastetxera eramango dira kalean aurreikusitako emanaldiak.

Sarrerak doakoak izango dira, edukiera bete arte. Ateak funtzioa hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko dira eta bai sartzea bai irtetea modu mailakatuan egingo da. Neurriak zorrotz bete eta distantziak mantentzen direla ziurtatzeko, eserita ikusiko dira emankizunak eta musukoa nahitaezkoa izango da.