GARA
MENDI LASTERKETA

Gorbeia Suzien 800 korrikalarirekin itzuliko da, iazko hutsunearen ostean

Gorbeia Suzien 2021 mendi lasterketa igande honetan jokatuko da berriro Zeanurin. Covid-19aren pandemia dela-eta iaz bertan behera geratu ostean itzuliko da, zortzigarren ekitaldia ospatzeko, eta 800 korrikalarik hartuko dute parte.

Zeanuriko proba Skyrunnerreko Munduko Serieetarako eta Golden Trail zirkuiturako puntuagarria izango da. Gorbeia Suzien lasterketak bi bertsio izango ditu: bata 31 kilometrokoa eta bertan 600 atletak parte hartuko dute. Bestea laburragoa izango da: 21 kilometrokoa, eta 200 kirolari bilduko ditu. Proba luzea 10.00etan hasiko eta, eta laburragoa, berriz, 11.30ean. Zeanuriko herrigunean hasiko da lasterketa eta San Justoko ermitan gora barneratuko da Gorbeiako parke naturalean.

Gorbeia Suzien lasterketa parte hartuko duten korrikalarien zerrendan Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia, Dragomir Denisa, Virginia Perez, Andrea Garay, Rosana Buchauer, Pere Rullan, Zaid Ait Malek, Asier Larruzea, Ben Kimtai edota Cristobal Adell daude.

Sustatzaileek berariazko osasun protokoloa ezarri dute. Horren arabera, parte hartzaileek covid ziurtagiria aurkeztu beharko dute, edo eskatutako lekuetan maskara nahitaez erabili beharko dute.