Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Klima halakoa!

Aitortu egiten dut, Jaurlaritzak nahastu egiten nau, bere planen marasma-sarean harrapakin-gai sentitzen naiz. Horra, kasuko, atera berri duen Udaberri Plana. Halako plana udazken hasieran ateratzea ere... ez dakit ba, baina susmo txarra hartzen diot, momentuagatik ere. Nahiz eta ondo pentsatuta harritzeko motiborik apenas ez dudan, ikusita Eusko Alderdi Jaurlaritza desfasatuta bizi dela, geroko helburua iraganeko foru-paperetan jarrita. Amen! Tira, Murgoitio, Udaberrira! Bizikidetza plana omen da, aniztasun plana ere... baina, zer aniztasuna da hori anitza dena kontuan hartzen ez duena? «Ongi etorria» etxe atariko lanpasean baino onartzen ez duena... jakina, zapaldua izateko! Aniztasun halakoa!

Kolpea gero! Jaurlaritzak berak sustatua da egun hauetako Asteklima, «trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzeko» aldia. Ama, ama! Erakundeak berak lehentasunez kontzientziatuko balira sikiera! Tira, demontre, Asteklimaren harira! «Euskadi Klima Aldaketaren aurka»! Ez dakit ba, Jaurlaritza aldaketa baten aurka agertzea arraro egiten zait, foru-errotonda kudeatzen ohitura hartuta... «Ekintza oso, txikia bada ere, garrantzitsua da». Omen, amen! Hortaz, ongi etorrien ekintzak, txikiak eta mobilizatzaileak berez, garrantzitsuak beharko, anitzaren anitzean! Klima halakoa Jaurlaritzaren udaberri horretakoa!

La Palmakoa ere gogoeta-bide. Tragediak tragedia, bada hainbat kontu argitzeko. Diru-partida gehiago bideratzen dira Marteko sumendiak ezagutzera Lurrekoak baino? Kapaz! Hau mundu aldrebesa! Laba-oldeak dena hondatzen du berak egindako bidean, legezkoa zein legez kanpokoa, dena, hondamena sortuz. Baina, kolpea gero! Horko zibilizazioa posible izan da lehengo erupzioek sortu zutelako uhartea. Orduan? Bada hori, gogoeta-bide, klima dena delakoa izanda ere.