GARA
DONOSTIA

Eusle murgiltze programa abiatu du Lakuako Hezkuntza Sailak

Eusle euskaran murgiltzeko programa hasiko du Lakuako Hezkuntza Sailak 28 ikastetxetan, hezkuntza sistemara iritsi berri diren ikasleei euskaraz komunikatzeko behar den gaitasuna lortzen laguntzeko. Ez hori bakarrik: haien ongizate emozionala eta inklusioa ere sustatzen du. Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eman zituen atzo xehetasunak, Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera. Esan zutenez, aurreko bi ikasturteetan lau ikastetxe publikotan proba egin eta gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 28 ikastetxetara hedatuko dute esperientzia.

Helburu argi batekin jaio zen Eusle: «Ikasle etorri berriei euskaraz beharrezko komunikazio gaitasuna ematea, eskola eremuan harremanak izateko lehenik, eta ondoren jakintza arloetako hizkuntza eta komunikazio trebetasunak bereganatzeko».

Bide batez, ikasleen inklusioa eta hezkuntza arrakasta ere hobetzen direla frogatu dute. «Ikasleak Eusle programaren bidez hasierako komunikazio gaitasuna lortuko du (A2), eta, ondoren, berariazko laguntza izango du curriculumean aurrera egiteko».

Erreferentziazko gelak

Eusle programan parte hartzen duen ikasle etorri berriak erreferentziazko gela bat du, bere adin eta mailako ikasleen gela. Baina aldi berean, murgiltze gelako kide ere bada. Eusle gelan bilduko dira ikasle etorri berriak. Bertan, 5-10 ikasleko talde txikietan, modu sistematikoan komunikaziorako oinarrizko hizkuntza landuko dute.

Euslek 24 eta 36 hilabete arteko iraupena izango du. Programak material didaktikoa garatua du, zenbait ikastetxetan probatu dena.

Ibilbide arrakastatsua egin eta nazioartean erreferente bihurtu diren murgiltze-ereduei eta esperientziei so egin die Hezkuntza Sailak Eusle programa diseinatzeko; Kanada eta Katalunia izan ditu eredu, batik bat.