Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Larrialdien aroa

Egia esanda, nire eguneroko borroka da goizean goiz etxetik ateratzean buruan bueltaka dauzkadan galderak baino galdera gehiago izatea buruan iluntze aldera etxeratzean, eta ahal dela baten bat erantzunda... Eta jakina, burua haserre, nirekin! Asteburu batean erabakitzeko eskubidea onartu nionez! Total, kasurako, galdera hau: zelakoak izango dira gure iraganeko foruak geroko etorkizunean? “Foru fosil” kontzeptua erabiliko ote da gure Legebiltzarretako osoko bilkuretan? Are gehiago, benetan osoak izango al dira bilkurak?

Ama, ama, ez da erraza! Horra beste galdera hau ere, Kanarietako uharte horretako sumendiak botatzen segitzen dituen laba-koladak hoztu eta lurzoru emankor eginda sortuko diren platano espezie berriak merkaturatu orduko izango al du Gipuzkoako Aldundiak legez onartuta kamioientzako bidesari-sistema? Are gehiago, kliman aldaketak aldaketa, merkaturatuko al ditu Euskaltelek euskal platanoak Kanarietan? Galdera gehiago erantzunak baino. Ziurgabetasun gehiago ziurtasunak baino. Hortaz, geroa gaur idazten ari gara...

Eta zer hobe gaur burujabe izatea biharkoa idazten joateko! Burugabetzak ez du horretarako aukera ematen, kanpokoek jarritako bide-sariak ordaintzea baino ez duelako uzten. Hori dela eta, joan den igandean Forondako zelaietan zer eta «autogobernu justua» aldarrikatu zuten euren egunean. Kolpea gero, handik hurbil hegazkinak lurra hartzen eta zelaiotan batzuk lurra uzten, justuaren bila!

Herenegun izan da hautetsontzi eguna, orain lau urteko Katalunia gogoan. Boto-ontzia da bide justu bat, batzuek bota-ontzia nahiago badute ere. Hemen, osasun-larrialdiari agur esango omen laster Lakuak. Ia klima-larrialdiari behingoz ongi etorria eman eta errotik eusten dion! Eta horrekin batera baita burujabetza-larrialdiari ere! Demontre! Nire buruak baietz dio oraingoan.