Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ozta-oztako burujabetza

Bukatu da, bukatu da, bukatu da se akabo...». Bukatu, amaitu ere! Agur esan diote arin batean! LABIz nago. Batzorde ofizial hori joan da, birusak gure eguneroko estatistika ofizialetan segitzen badu ere, oraindik ere musukoak berdindu egiten gaituenean. Kolpea gero! Epe motz-ertainak ekar dezakeenaz dudak izan arren, batzordea joan egin da. Behin erabili eta botatzeko batzordea izan da hori; ekonomia zirkularraren adibide behintzat ezin hartu, larrialdi bat guztiz joan barik bestelako larrialdien erdian baikaude oraindik luze. Joan, bai, desegin. Desegin egin dute. Kolpea azken hau ere!

Total, zer utzi du horrek gerorako ikasgai, irakasgai? Auskalo! Auskaloko batzordeak izaten baitira askotan goiko politikaren orubeetan. Batzorde hori joan da, izan diren batzarkide guztiak plazara jaitsi barik joan ere. Baina zer ikasi? Krisi koiuntural modura hartuta joan da, pandemia igarokor hartuta. Agur ben-hur edo. Zooma birus egoera zehatz batean jarrita baina larrialdi guztien angeluhandia ulertzera iritsi gabe. Are gehiago, beste osasun larrialdi baterako ere ez du horrek balioko, batzorde espres bat izan delako. Portzierto, joan da eta berarekin eraman ere izen handiko hainbat lege, ustez pandemiaren fase berantiarrei bertatik bertara aurre egiteko zirenak. Baina, badakizu! Usteak erdi ustel! Eta legeok erdibidean geratu ziren jaio momentuan bertan beste batzuen legeak hala aginduta. Gobernantza gurea!

Nobel saria mereziko luke batek baino gehiagok gurean, kogobernantzapeko gobernuen desoreka lotsagabearen gaiari emandako ikuspegi berritzailea saritzekoa. Ez zuten ba Forondako zelaietan burujabetasun justua eskatu! Justua? Ozta-oztako burujabetza batzuena! Ama, ama! Pandemiaren paperak joan eta Pandorarenak etorri. Batzordea sortuko ote?