Euskarari buruzko hausnarketa dakar Etxegoienek «Totelak»-en
Fermin Etxegoienek (Oñati, 1996) kutuntzat dituen hainbat gai aztertu ditu, atzo aurkeztu zuen eleberrian: euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika edo mikro-geografiak. «Totelak»-ek (Erein) fikzioa eta saiakera uztartzen ditu eta euskara eta euskaldunei buruzko hausnarketa egiten du, hainbat herrialdetan kokatutako istorio baten bitartez.

Fermin Etxegoien Uribeetxeberriak “Totelak” (2021, Erein) eleberri hibridoa aurkeztu zuen atzo, Donostiako Udal Liburutegian. Ezohiko bidaia liburua da “Totelak”, espazioan ez ezik, denboran ere bestelako bideak hartu baititu egileak.
Hasteko, Inazio Mujikak, Erein argitaletxeko editoreak, azaldu zituen idazle eta kazetari oñatiarraren azken obraren nondik norakoak. Eleberri «hibridoa» dela nabarmendu zuen, fikzioa, saiakera eta kazetaritza uztartzen dituena, «euskal literaturan ohikoa den auto-pertzepzio ariketaren generoa (nor-gara-gu-zer-gara-gu) ezohiko eremuetara eramateko».
Istorioa St. Moritzen (Suitzako ekialdean) Maserati gorri batean bidaiatzen ari den bikote batekin hasten da. Emakumeak bularreko minbizia itxuraz gainditu duela ospatu nahi dute eta Thomas Mann-ek “Mendi Magikoa” eleberrian ezagutzera eman zuen ospitalea ere bisitatu nahi dute. Burutazio bikaina etorriko zaie bidaian, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekar liezaiokeena.
Bestetik, Santanderren kalean jotzen ari den musikari frustratu baten bueltan hausnarketa egiten du Etxegoienek bere liburuan. «Ezustean, harreman estua izan beharko du euskal musikari famatu batekin eta bizitza aldatuko zaio», azaldu zuen aurkezpenean.
Euskara
Mujikak azpimarratu zuenez, hau da ‘Totelak”-en gatazka gune nagusia: «Euskal kultura garaikidean ageri diren errealitate mugatzaileak eta fikziozko pertsonaien jarrera kontrajarriak haien aurrean».
Izan ere, euskara eta bere erabilerari buruzko eztabaidak garrantzi handia du eleberrian. «Euskalduna da… bere aukera linguistikoen gainetik bizitzen saiatzen dena. Gure inkontziente kolektibo linguistikoa oso erdalduna da eta erdaraz edozein erregistro onartzen dugu, euskaraz ez bezala, non ia edozerk kanporatzen gaituen narraziotik», dio Etxegoienek sinopsian.
Bertan, idazleak kutuntzat dituen hainbat gai aztertu ditu larritasuneraino: euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika, mikro-geografiak. «Ruperzale» guztientzat liburu «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen Mujikak, baina beste musikari batzuk ere ageri dira.
Fermin Etxegoien
Fermin Etxegoien Uribeetxeberria (Oñati, 1966) kazetaria eta idazlea da. 2004an argitaratu zuen bere lehen liburua Pamiela argitaletxearekin, “Neurona eta Zeurona” saiakera. Bost urte geroago “Autokarabana” (2004, Pamiela) eleberriarekin ekin zion narratibari. Euskadi Literatura saria eta Kritika saria jaso zituen. Beste bi eleberri ditu argitaratuak orain arte: “Zinegotzia” (2013, Erein) eta “Urpekariak” (2015, Erein). Bestalde, 2014an “Eutsiko diogu?” elkarrizketa-liburua argitaratu zuen.
Kazetari lanean ere badihardu. Zuzendu dituen azken dokumentalak 2020ko “Eusten” (covid-19aren izurriteaz) eta 2019ko “Egunak eta Lanak” dira (Euskaltzaindiaren mendeurrenaz). Telebistako hainbat saiotan ere egin du lan: “Autentikoak”, “Ur Handitan”, “Anitzele”, “Kalaka”, “Lau Haizeetara”, “Doctor Livingston”, “Katu-Kale”…

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
