Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Helbideetan jartzean probatu helburua

Beti pentsatu izan dut euskaldunak ez gaudela ondo burutik; edo nire amaren berbetan, sano burutik. Obelixek erromatarren gainean uste zuena, bada antzekoa. Horra, frantsesez «huit» eta «nuit» esaten dute; ingelesez «eight» eta «night», espainieraz «ocho» eta «noche», nepaleraz «atha» eta «rata», afrikannsez «agt» eta «nag»… bada euskaraz «zortzi» eta «gau» esaten dugu. Atera kontuak! Are gehiago, orain modan jarri diguten «brunch» zer horrena, «breakfast» eta «lunch» hitzen batuketatik sortua edo. Bada, euskaldunok «gosari» eta «bazkari» hitzak batu eta voila! «Hamaiketako» ateratzen zaigu!

Ama, ama! gauzak hola ez nau harritzen euskaldun batzuek hain gaizki ulertu izanak beste batzuek, ahoan bilorik gabe, biktimez esana. Seguruenik ez dira haiek belarriprest izateko jaio, ahobaldar izateko baino. Amen! Batzuek «prozesua» baino «kontrazesua» nahiago. Baina bertsolaria gogoan, helbideetan jartzean probatzen da nolakoa den helburua!

Horra kasurako ere! Euskal Telebistan nago egun hauetan entzuten «El Cambio» datorrela, eta «Ekin» egin behar dugula. Aldaketari ekin ote? Demontre! Hainbeste denbora pasatu da albisteak entzun nituen azken alditik? Utzia ote dute jeltzale eta jelkideek errotondaren kudeaketa? Bada ez, Murgoitio, lerdo halakoa, klima aldaketaren harira etortzeko den programa eta kanpaina dira… burua betiko errotonda-lepoan, larrialdirik ez.

Ez du, bada, esan Ajuriaeneko maizterrak kode etikoak ez dituela ate birakariak onartzen. Baina leiho birakariez ez du ezer esan…. Hori gutxi ez eta neuk bakarrik nahasten dut burua GARA eskuan. «Caucus» irakurri eta zera pentsatu, sukaldaritza kanpaina berria ote, oraingoan arabiar sukaldetik ekarria? Bada ez, Europako Legebiltzarrean sortu berri den «self determination caucus» da! Arreta Murgoitio, lehen arreta!