GARA
Gasteiz

Amiantoaren biktimentzako funtsa martxan jartzea eskatu du Asviamiek

Amiantoaren biktimei eta haien senideei kalte-ordainak emateko Konpentsazio Funtsaren Legea abian jartzeko galdegin du beste behin Asviamie elkarteak. Lege Aurreproiektua Espainiako Kongresuan erregistratuta dago 2017az geroztik, baina ez du aurrera egin.

Ehunka lagunek datorren urteko Estatuko Aurrekontu Orokorretan partida bat onartzeko eskatu zuten atzo, amiantoak eragindako langileentzat Konpentsazio Funtsaren Legea abian jartzeko. Neurri horri ezarritako «blokeoa» hautsi dezan galdegin zioten Madrili.

Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak (Asviamie) deitu zituen elkarretaratzeak. Eguerdian egin ziren Donostiako, Bilboko eta Laudioko hainbat lekutan, baita CAFek Beasainen eta Irunen dituen instalazioetan, Petronorrek Bizkaian dituenetan eta Michelinek Araban dituenetan ere.

«Biktimen eta familien sufrimendua saihestu egin zitekeen erantzukizunez jokatu eta duela urte asko debekatu izan balitz amiantoa erabiltzea», salatu zuen CAFeko Beasaingo plantako langile batzordeak. Amiantoaren eraginez hildakoen omenezko eskulturaren ondoan elkartu ziren langileak, eta, salatu zutenez, gobernuen, Lan Ikuskaritzaren eta patronalaren erantzukizun faltaren ondorioz amiantoarekin kontaktuan egoteagatik gaixo edo hilda daude «milaka pertsona».

Asviamiek deitutako protesten bitartez Madrilgo Gobernuari eskatu zioten «behingoz onar dezala Konpentsazio Funtsaren Lege Aurreproiektua, 2017az geroztik Diputatuen Kongresuan erregistratuta baitago amiantoaren biktimei eta haien senideei kalte-ordainak emateko».

Blokeoarekin amaitu

2017an, Gasteizko Legebiltzarrak eskatuta, Espainiako Kongresuko osoko bilkurak Konpentsazio Funtsaren Legearen Aurreproiektuari bide eman zion, jarraian Lan Batzordean eztabaidatzeko. Hala ere, hauteskunde aurrerapenen ondorioz, azkenean Lan Batzordeak ez zuen hasitako prozesua amaitu, eta Gasteizko Legebiltzarrak Legea berriz ere Kongresuan erregistratu behar izan zuen.

Asviamiek atzo gogoratu zuenez, 2021eko apirilaren 13ko osoko bilkuran, lege-aurreproiektua bideratzea onartu zen berriro, Vox izan ezik talde guztien aldeko botoarekin. Hala ere, Sanchezen Gobernuak, apirilaren 13tik aurrera, «Kongresuko Mahaian gehiengoa duela baliatuta», astez aste atzeratu du Lan Batzordeko lanen hasiera.

Asviamie elkarteak atzo nabarmendu zuenez, egunotan ari dira alderdiak 2022ko aurrekontuak eztabaidatzen, eta, funtsa aurten onartzen ez bada, «zaila izango da legegintzaldi honetan egitea». Egoera ikusita, herritarrak, alderdi politikoak eta sindikatuak bildu zituzten atzoko mobilizazioek Madrilgo Gobernuak Legeari ezarritako «blokeoa» haustea helburu.