GARA
DONOSTIA

Armadaren maniobren kontrako ebazpen proposamena

Jaizkibel inguruan espainiar militarrek maniobrak egin dituzte azken egunetan, armak eskuan. Horren aurrean, EH Bilduk maniobron kontrako ebazpen proposamena erregistratu zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Gipuzkoan askotan onartu dira Espainiako militarren presentziaren aurkako adierazpenak, baita Batzar Nagusietan ere; eta ugariak izan dira egindako mobilizazioak eta ekitaldiak. Gipuzkoarrok ez dugulako onartzen Espainiako Armada gurean. Ez behintzat gehiengo zabal batek», adierazi zuen EH Bilduk.

Koalizioak azpimarratu zuenez, «Jaizkibel mendia 1985etik Herri Onurarako Mendi gisa katalogatuta dago eta 2004az geroztik, gainera, Natura 200 Sarearen barruan dago Kontserbazio Bereziko Eremu gisa». Hori horrela izanik, espainiar militarrek Jaizkibelen 371 hektareako tiro eta maniobra eremu bat izatea arbuiatu zuen EH Bilduk. Ildo berean, Jaizkibelek aisialdi eta kirol jarduerak, arrantzaleen txabolak eta borda txikiak hartzen dituela gogoratu zuen koalizioak, eta Santiago bidea eta Talaia bidea bertatik igarotzen direla nabarmendu.