GARA
MAdril

UPk eta PSOEk «Mozal Legea» indargabetzeko akordioa itxi dute

Lege berriarekin ezingo dira komunikatu gabeko manifestazioak zigortu, «baldin eta baketsuak badira». Horrez gain, aurrerantzean isun administratiboetan «proportzionaltasun irizpideak» aplikatuko dira.

Unidas Podemosek eta PSOEk Espainiako Herritarren Segurtasunerako Legea, “Mozal Legea” bezala ezagutzen dena, indargabetzeko akordio bat ixtea lortu dute EAJren azken xehetasunak jaso ostean, EAJ bera izan baitzen legearen moldaketa bultzatu zuena. Lege berriarekin ezingo dituzte komunikatu gabeko manifestazioak zigortu, «baldin eta baketsuak badira». Era berean, «proportzionaltasun irizpideak» aplikatuko dira isun administratiboetan.

Enrique Santiago UPko talde konfederaleko diputatu eta 2030 Agendarako Estatu idazkariak azaldu zuenez, komunikatu gabeko manifestazioak ez dira zigorgarriak izango. Lerro berean, agenteen intimitate eskubidea urratzen ez baldin bada, indar zein esku hartze polizialen irudiak grabatu ahalko dira.

Horrekin batera, gehiegizkoak kontsideratzen diren isunak gutxituko dira eta «proportzionaltasun irizpideak» ezarriko dira. Horrek esan nahi du isunak zigorra jasotzen duenaren diru-sarreren araberakoak izango direla eta haien adina ere kontuan hartuko dela, adin txikikoen kasuan batik bat. Gorputz erregistroen eta herritarren identifikazioari dagokionez, agenteek idatziz azaldu beharko dituzte herritarrak erregistratzeko arrazoiak. Adostutako beste afera bat, Unidas Podemosek azaldu duenaren arabera, polizia etxeetan pertsona bat identifikatzeko erabiliko den gehienezko denbora bi ordukoa izatea da. «Ezohiko» salbuespenetan, komisariako egonaldia luzatzeko arrazoia «egiaztagarria eta arrazoitua» izan beharko da.

Isunen zenbateko ekonomikoari dagokionez, Gobernu koalizioko kideek «gehiegizko isunak» murriztea adostu dute, horretarako proportzionaltasun irizpideak erabiliz zigorra jasotzen duenaren gaitasun ekonomikoa kontuan izanik. Hala, progresibitatearen eta proportzionaltasunaren kalkulu bat egingo da zigorra jaso duenaren gaitasun ekonomikoa ebazteko.

Berehalako kanporatzeak

Legearen beste aldaketa nabarmen bat, atzerritarren inguruko erreferentzia oro kanpoan utziko duela da. Kasu polemikoenetako bat migranteen berehalako kanporatzeak dira, eta, hemendik aurrera, Atzerritarrei Buruzko Legea izango da afera horren inguruko arauak ezarriko dituen bakarra.

Unidas Podemoseko iturriek nabarmendu dute beste legeria batera jotzeko formula horrek berehalako kanporatzeen aipamena ezabatzeko adostasuna erraztu duela. Aipamen hori ez zen agertzen 2018an lortutako akordioan.