Amaia EREÑAGA
BILBo
Entrevista
HAIMAR AREJITA
MUSIKARIA

«Gaixorik egon gara, ohean, leher eginda. BECekoa katarsia izango da»

Taldeak sufritu duena bidean aurkitutako beste harri batekin alderatzen du Haimar Arejitak, Gatibuko gitarra-jotzaileak. Hirugarrenean asmatu dute eta, bi atzerapenen ostean, larunbatean 20. urteurreneko kontzertua egingo dute BECen.

gara-2021-11-24-Entrevista

Kolpe latza izan da azken atzerapena, kalbario bat bezala irudikatzen dut: 2020ko martxorako iragarrita zenuten 20. urteurreneko kontzertuari agur eta pandemia gorri-gorrian. Azaroaren 13rako data berria jarri, tokia aldatu berriz ere, eta gaixotu egin zineten. Gogo-aldartez nola zaudete?

Gurutze-bide bat izan da, bai, noski. Lehenengo izan zen pandemia, gero covid-a harrapatu genuen ia dena prest zegoenean, Miribillatik BECera pasatu ahal izan genuenean aforo kontuengatik, zeren hori ‘mobida’ bat izan zen... Hirugarren harriaren aurrean aurkitu ginen eta harri hau, gainera, izan da erabatekoa, zeren gaixotu egin gara lau taldekide: bateria, perkusioa eta gitarra biak. Egon gara guztiok kutsatuta. Txertatuta geunden, baina gaixorik egon gara, ohean eta leher eginda. Gero berrogeialdia pasa behar eta, orduan, kontzerturik ez.

Disgustu ederra.

Bai, itzela. Imajina ezazu: hainbeste denbora itxaroten zaudenean, bat-batean, unea iritsi eta gaixotu egiten zara. Mekaguen dios!! Zer egin dut ba? Karmak zerbait ekarri digu, zerbait okerra egin dugulako? Bueno, orain azken saiakera larunbatean, 27an.

Aldaketak egin dizkiozue kontzertuari?

Gu aurrez diseinatu genuen moduan egitera goaz. Aforoa azaroaren 13rako ezarri zigutena da, 8.000tik gora lagunentzat. Musukoa jarrita eta ezin da bertan ezer edan.

Oraindik sarrerak badaude, baina ikusi berri dut lehenengo solairuko A eta B harmailetakoak agortuta daudela.

Sarrerak ia agortuta daude, oso gutxi gelditzen dira.

Hemen egingo den lehen kontzertu handia izango da zuena. Esperimentu gisa balioko du, agian?

Uste dut gurea izango dela Euskal Herrian egingo den kontzertu handiena covid-a eta gero. Hainbeste jenderekin egiten dena bai, behintzat, eta guri tokatu zaigu, euskal talde bati. Esperimentu bat izan daiteke: espero dut bertatik ez irtetea inor kutsaturik.

Badakit ez duzuela asko aurreratu nahi, ezusteak prestatu dituzuelako gonbidatuekin, baina zer kontzertu mota izango da?

Gure hogei urteen atzerabegirakoa izango da. Hogei urteotako abestiak errepasatuko ditugu eta batez ere jendearekin berriro elkartzeko unea izango da, eta denok pixka bat parentesi bat egiteko unea. Ze oraindik hau ez da bukatu.

Luzerako doala ematen du.

Bai. Espero dut ezetz, baina ez dela bukatu badakit. Guk, gainera, gure azalean bizi izan dugu. Espero dugu kontzertua parentesi bat izatea denontzat, denok ondo pasatzea eta han gauden denboran dena ahazteko parada izatea.

Bazirudien pandemiaren txarrena pasatuta geneukala, baina ez dakit gauzak bere onera itzuli ote diren. Musika sektorea nola dago?

Gauzak aldatu dira, baina ez asko, zeren eserita egon behar izan dugu orain gutxira arte musukoarekin kontzertuetan. Aforoak pixka bat handitu dira eta, behin neurri horiek malgutu direnean eta, batez ere, kontzertuetan eserita egotearen neurria kendu denean, ikusi dugu pauso bat eman dela normaltasunerako bidean. Kontzertuetan, behintzat, eskertzekoa da jendea zutik ikustea. Dena den, asko igarri da, kontzertu gutxiago egon direlako, eta egon direnek aforo mugatua zeukatelako. Azken finean, desastre bat izan da kontzertuentzat. Guk jo dugu, formatu txiki bat egin dugulako, akustikoan, eta horrekin mugitu gara, baina hori bizirik irautea izan da.

Urteurrena, pandemia... inflexio puntu bat izan da zuentzat?

Bai, noski. Hau ospakizun bat zen hasieran, baina covida etorri zenean gelditu zen stand byn, eta orain arrastaka eraman dugun kontzertu bat da. Ez dugu bertan behera utzi nahi izan, jarraitu dugu aurrera egoerak uzten digun heinean. Orain nahi duguna da kontzertu hau ‘gainetik kendu’ nolabait; hau da, gogo handia dugu emateko, baina pixka bat zama izaten ari da egoera oso aurka dugulako. Egoera normal batean gozamena izango litzateke, baina orain, egia esan, egoera kontra daukagu. Zorte txarra izan dugu agian, eta, inflexio puntu honen ostean, lasaiago begiratu eta prestatu nahi dugu etorkizunean zer egingo dugun. Hau behin gainetik kenduta, zeren erantzukizun handia da 8.000 sarrera edukitzea hor gainean.

Zorte txarra izan duzue, bai.

Ez da zuk kontrola dezakezun zerbait. Gugatik egingo genuen 2020ko martxoan, baina ezin izan zen egin denok etxean geundelako. Orduan, orain gure helburua izan da kontzertua aurrera eramatea bai ala bai. Covida harrapatu genuenean errazena izango litzateke bertan behera uztea, sarrerak itzultzea eta listo. Pikutara. Baina esan genuen ‘egin behar dugu jendeagatik, eta gugatik ere, merezi dugulako, hau ospatu behar da ahal den moduan’. Eta azaroaren 27an saiatuko gara egiten.

Larunbatean agertoki gainean mamu guztiak uxatuko dituzue?

Espero dut baietz, katartikoa izatea. Denontzat katartikoa izatea espero dut.