«Baginen, bagara», San Telmoko bildumari begirada morea
«Baginen bagara. Artista emakumeak: ikusgarritasun(ez)aren logikak» erakusketak ateak zabaldu ditu Donostiako San Telmo museoan. Bertako bildumako emakume artisten lanak ezagutarazi nahi ditu, eta horiek itzalpean utzi dituen arte-sistema nola eratu den aztertu.

Erakusketa arnasa luzeko proiektu baten emaitza da. «Berdintasuna bere lan ildoetako bat izanik, aztertu eta bildu nahi zuen nolako presentzia eta garrantzia zuen emakumeek egindako arteak museoaren beraren bildumetan», adierazi dute San Telmoko arduradunek.
Azken mendeetan Artearen Historiak emakume sortzaileen lana itzalpean zergatik –erabilitako logika– eta nola gorde duen azaltzen dio erakusketak bisitariari. Denera 120 lan jarri dira ikusgai, 50 egile ingururenak, gehienak euskaldunak, baina baita Estatukoak zein Europakoak ere.
Erakusketaren helburua San Telmo museoaren, Gipuzkoako Aldundiaren –Gordailua– eta Kutxa Fundazioaren arte bildumak ikuspegi feministatik aztertzea da, bi helbururekin: alde batetik, bertan dauden emakume artisten lanak ezagutzera eman nahi ditu, artearen historiaren diskurtso patriarkalak baztertu dituenez, bestelako narrazio eta protagonistak proposatzeko. «Baina hori egiteko, oinarrizkoa da historiaren eraikuntzaren inguruko gogoeta abiatzea, bestela ezingo baitugu ulertu zeintzuk izan diren emakume horiek baztertu dituzten arrazoiak, zeinen barneratuak ditugun eta zelako pisua izan duten gure iruditeria amankomunaren eraikuntzan. Horregatik, diskurtsoaren eraketa arakatzea da gure bigarren helburua». Hala diote Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa komisarioek.
Artelanez gain, Barcenillak eta Ansak bi urtez egindako ikerketako dokumentazio ugari ikus daiteke erakusketan. Espazio neutraltzat hartu izan dira orain arte museoak, bertan adierazitakoa interpretazioa ez, egia dela uste izanez. Hala diote komisarioek. Baina diskurtso hegemoniko eta kanonikoetan eragin behar dutela pentsatzen hasi direla nabarmendu dute.
Alde horretatik, Susana Soto San Telmo museoko zuzendariaren esanetan, «ezin da gerorako utzi orain arte sortu eta mantendu den arte-sisteman emakumeek duten ikusezintasunaren gaineko hausnarketa. Diskurtso berria eta politika berriak eraikitzen laguntzera dator erakusketa, emakumeei euren tokia emanez».
Erakusketan parte hartu duten hainbat artistaren presentziarekin egin zen atzo aurkezpena. Han ziren Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Donostiako alkate Eneko Goia ere.
Sortzaileak
Catharina Ykens belgikarraren XVII. mendeko olioa, Helene Feillet eta Blanche Hennebutten XIX. mendeko pare bat litografia, Cristina Iglesiasen 1998ko grabatuak, Ainize Txopitearen iazko serigrafia, Aran Santamariaren bi lan... margoa, eskultura, grabatua, eta instalazioak eta ikus-entzunezkoak; arte diziplinei dagokienez aniztasuna da erakusketaren ezaugarria.
Rosa Valverde, Marta Cardenas, Esther Ferrer, Menchu Gal, Mari Paz Jimenez, Isabel Vera, Angeles Marco, Sandra Tucci, Francesca Llopis, Elena Asins eta Itziar Okariz, atzoko eta gaurko artistak, San Telmon presente daudenak.
Bost atal nagusitan banatuta dago –alor desberdinak ditu bakoitzak– eta bildumak nola eratzen diren, obra baten autorea nor den, jasotako heziketa artistikoa nolakoa izan zen eta artea lanbide nola bilakatzen den dira, besteak beste, landutako gaiak.
Autorretratuek eta gorputzak eta 90eko hamarkadako eztandak eta Artelekuk esperimentaziorako eskaini zuen aukerak ere badute tokia.
Atzo iragarri zutenez, katalogoa argitaratuko da bi komisarioen, Miren Vadilloren eta Ane Lekuonaren, testuekin.
Jarduera ugari antolatu dira erakusketaren bueltan. Barcenilla eta Ansarekin egindako elkarrizketa jasotzen duen bideoa ikus daiteke erakusketaren sarreran, proiektuaren gako nagusiak biltzen dituena.
Gainera, museoaren app-ean “Baginen bagara” ibilbidea gehitu dute, bisitari bakoitzak bere gailua erabiliz audiogidaz bisita egiteko aukera izan dezan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
