Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Atipiko larregi, tipikoa gero!

Bada, horrela joan da astea. Betiko kontuez gain, betiko kontuak. Albisteetan berrikuntza gutxi, eta ditxosozko Berrikuntza zer horretan berriketa gehiago iraunkortasun-bidean ganorazko berriak baino. Hidrogeno gizajoa, ze gustura zeuden oxigenoa erdian hartuta eta orain banatzeko agindua jaso! Berri-ontzi larregi! Portzierto, non geratu da azken asteotako COP26 horrek emandako berri-jarioa? 27koaren zain geratu omen da. Amen!

Tira, Murgoitio, pasaportearen harira! Nik, egia aitortuta, bidaiatzeko orduan covidarena nahiago Espainiarena baino. Erabakitzeko eskubidea, horretan ere! Eta zer esan beroketa globalaz? Begi-bistakoa da hainbat gertaera latitudean gora ari direla egiten. Horra, kasuko, Mediterraneo itsasokoa, bere horretan mantendu arren orain gora ere egin eta Mantxako kanalera igo da. Tragediaren erdian agintarien orbana agerian!

«Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu», horixe esaera zaharrarena. Bai, egia, aurrekontuen dantzaz nago; sasoian sasoikoa. Ez, ez da erraza Legebiltzarreko oposizioan den GKE sozio-politiko batentzat dantza horretan sartu eta doinua aldatzen saiatzea. Baina trantsizioak aldaketak behar ditu, eta aldaketek aldaerak! Hortaz, bai nahasia birusaren aldaerena. Deltak Britainia Handiko Alpha akabatu zuen, zeinak Hego Afrikako Beta eta Brasilgo Gamma akabatu zituen. Bada orain Omicronek akabatu du Delta. Ulertu? Ez da erraza, pentsatu gurean Epsilonek aspaldian egin zuela huts... Aldaerak aldaera alfabeto grekoa segitu beharko da erabiltzen: Eta, Theta..., ez, ez dute erraza izen-sortzaileek.

Eusko Alderdi Jaurlaritza batzar nagusi «atipikoa» burutzen ari da asteburu honetan. Garai «atipikoan» egin du sindikatu nagusiak bere kongresu konfederala aste honetan. Eta denak euskal errepublikaren alde agertu. Tipikoa hau sikiera! Amen!