GARA
BILBO

Baserrien jasangarritasuna hobetzeko aliantza sortu dute

Euskal Herriko, Kataluniako eta Kantabriako esne ekoizpenaren kate maila guztiak ordezkatzen dituzten 25 erakundek familia-baserrien jasangarritasuna eta esne-ekosistemaren ekoizpen-prozesua hobetzea xede duen aliantza berria sortu dute. Ekimena Karrantzan aurkeztu zuten atzo eta 100 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du.

Familia-baserrien jasangarritasuna eta esne-ekosistemaren ekoizpen-prozesua hobetzeko aliantza sortu dute Euskal Herriko, Kataluniako eta Kantabriako 25 erakundek. Familia-baserriak ingurumenaren, ekonomiaren zein gizartearen ikuspegitik duen jasangarritasuna hobetzen laguntzea da proiektuaren helburu nagusia.

Ekimenak esne-ekoizpenaren kateko maila guztiak ordezkatzen dituzten 25 erakunde bildu ditu; I+G+Bko zentro teknologikoak, kudeaketa-zentroak eta industriaguneak, horien artean. Proiektuak Kaiku Berdea euskal konpainia, Llet Nostra Mes katalana eta AGC Agrocantabria kantabriarra ditu buru.

Karrantzako El Molino familia-baserrian aurkeztutako ekimenak askotariko eragileak bildu zituen: abeltzaintza arloko kooperatibak (Kaiku, Llet Nostra eta AGC Agrocantabria); esnegintza arloko industriak (Kaiku Elikagai Korporazioa, Iparlat, eta Lactics Masachs); zentro teknologikoak: Neiker, AZTI, Intia eta IRTA); Kudeaketa zentroak (Abere, Abelur, Lursail, Lorra, LurGintza eta CIFA)...

Aurkezpenean azaldu zutenez, ekimen honen barruan, 100 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi da 2026ra arte, «ingurumen-jasangarritasunaren aldeko eraldaketa gauzatzeko helburu eta konpromisoari begira, Europako Batzordearen 2030eko agendan ezarritako helburuekin lerrokatuta». Hartara, hainbat neurri planteatu dira Kaiku Berdea, Llet Nostra Mes eta AGC Agrocantabria Sostenible ekosistemetako enpresen industria-prozesu eta logistikaren ingurumen-aztarna murrizteko asmoz.

2027an ekoizpen eta logistika prozesuari lotutako isurpenak %60 murriztea espero dute NetZero 2050 konpromisoaren ildotik; uraren kontsumoa %45 gutxitu, ekonomia zirkularra bultzatu eta sortutako hondakinak %50etik gora murriztu.

Aldi berean, ekimenak atxikitako 603 familia-baserri eta kooperatiben jasangarritasun ekonomiko eta soziala hobetzen lagunduko duela esan zuten; izan ere, urtean 337 milioi litro esne baino gehiago ekoizten dituzten ustiategi horien eginkizuna gakoa da landa-ingurunerako, kontsumitzaileari kalitatezko esne eta esnekien hornidura ziurtatzeko konpromisoari helduta. «Mota honetako familia-baserriek eta kooperatibek eragin positiboa dute ingurumenean; izan ere, horietan egindako lanak biodibertsitatea zaintzen eta paisaiaren orekari eusten laguntzen du, suteak saihestuz eta baso-masaren kontrolik eza geldiaraziz. Horrez gain, ekonomia zirkularraren zikloan parte hartzen dute, landutako lurrak sortzen dituen baliabideak zein ustiategietako hondakinak baliatuz», azaldu zuten.

Testuinguru honetan, familia-abeltzaintzaren eta abeltzaintza kooperatiboaren eraldaketa jasangarrirako proiektuak mota horretako ustiategiek egindako lana nabarmendu eta atxikitako zentro teknologikoak batu ditu, «abeltegi bakoitzean lehiakortasuna bultzatu eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko hartu beharreko neurriak ezarri ahal izateko».