GARA
BILBO

Igandeko manifestazioek babesa jasotzen jarraitzen dute

Osakidetzak bizi duen «kaos» egoera salatzeko eta, zehazki, lehen arretako langileei babesa adierazteko igandean egingo diren manifestazioak gero eta babes handiagoa jasotzen ari dira. Asteazkenean, Bizkaiko Medikuen Elkargoak mobilizazioan parte hartuko duela iragarri zuen, eta, atzo, beste hainbeste adierazi zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, EH Bilduk eta Ezker Anitzak.

Hedabideetara igorritako oharrean, pentsiodunen mugimenduak koronabirusaren pandemiak azken bi urte hauetan eragindako kaltea gogora ekarri eta azken olatu honek piztutako ezinegona nabarmendu zuen, eta, horrekin batera, salatu zuen olatu honek berak «lehen arreta zerbitzuen eta ospitale-sistemaren «kolapsoa» eragin duela. Ildo horretan, Lakuako eta Iruñeko gobernuek pandemiari aurre egiteko erakutsi duten «plangintza falta, antolakuntzarik eza eta baliabide kudeaketa eskasa», deitoratu ditu, eta aipatu du administrazioek «gaitasunik ez dutela» agerian utzi dutela.

«Lehen arreta, lehen lerroan»

EH Bilduren iritzirako, covidak «agerian utzi du azken urteetan hartutako politiken ondorioz Osakidetzako lehen arreta desmantelatu dutela». Rebeka Ubera parlamentariak esan zuenez, bizi dugun osasun larrialdia ezin da «inondik inora aitzakia bilakatu urteetako lanarekin eraikitako gure osasun sistema are gehiago desmantelatzeko».

Egoera «kritiko» honen aurrean, egun Osakidetzak duen norabideari «180 graduko aldaketa ematea ezinbestekoa» dela aipatu zuen EH Bilduko ordezkariak, eta «inoiz baino garrantzitsuagotzat» jo zuen «Osakidetzako plantilla indartzea, kontratuak egonkortzea eta lan egiteko moduak errebisatzea», azpimarratu zuenez, «Osakidetzako antolaketa goitik behera errebisatu beharra dagoelako». «Jakin badakigu, plantilla indartzea ez dela aldaketa hori erdiesteko nahikoa izango, eta, horregatik, beste hainbat neurri ere hartu behar direla deritzogu», aipatu zuen Uberak, eta gaineratu zuen koalizio independentistak «lehen mailako arreta lehen lerroan eta agenda politikoaren erdigunean jartzea ezinbestekotzat» jotzen duela, «osasun sistema publikorako atea delako, herritarrei kontsulta presentzialak bermatzeko funtsezkoa delako eta herritarren osasun eskubidea bermatzeko oinarria delako».

Ezker Anitzak ere etzi kalera ateratzeko deia egin zuen, eta Isabel Salud indar horren eledunak adierazi zuenez, «osasun-zentro eta ospitaleetako egungo egoera ezin zaio pandemiari egotzi; hondatze hori urrutitik dator, Eusko Legebiltzarrean hainbat unetan eztabaidatu diren egiturazko arazoekin».