GARA
BAIONA

Leire Iribarne musikari baxenabartarra auto istripu batean hil da

Leire Iribarne Diabolo Kiwi taldeko musikaria auto istripu baten ondorioz hil da. Ezbeharra ostiral gauean gertatu zen A64 autobidean, Baionako noranzkoan hiru autok talka egin zutenean. Tamalez, 24 urte eskaseko adinarekin zendu da Iribarne.

Lasatarra oso gazte hasi zen musikan eta, 2016an, Diabolo Kiwi taldeko abeslari eta teklatu gisa hasi zen oholtzan. Iribarne Diobolo Kiwiko kidea izan zen taldearen beraren sorkuntzatik Julen Etxeberri, Allande Etxeberri eta Amaiur Epherrekin batera. Iazko irailean, bere azken diskoa, “Uhin galduak”, argitaratu zuen taldeak.

Istripua

Bearnoko Saliese herritik gertu, Baionako noranzkoan zihoazen hiru autok talka egin omen zuten.

Dirudienez, basurde bat sartu zen errepidean eta horrek eragin zuen lehen autoak talka egitea Bellocq herriaren parean. Jarraian, beste bi autok talka egin zuten bata bestearen atzetik. Guztira zortzi lagun zauritu ziren ezbeharrean eta horietako sei ospitalera eraman behar izan zituzten.