Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Tirrineritik idorrerira

Gomutan daukat aspaldian utzi gintuen mahaikide bati halako batean entzuna. “Elviejo” esaten genion maitekorrean ezker abertzalearen jendaurreko erreferente zenari. Haren esanetan, «tirrineritik idorrerira» arin batean pasatzen zen mugimendu haren mahaia, eztabaidetan. Bai, gomutan orain. Izan ere, pandemia garai honetan, azken egunetan areago, halaxe irudikatzen dut nik non edo non egon behar den mahai zer horretakoa. Herenegun covid agiria edozertarako exijitzeko baimena burugogor eskatu togadunei, autopistako bidesaria ordaintzeko ere, eta etzi orain arteko murrizketa gehien-gehienak bertan behera utzi, behar ez direlakoan. Ez dakit zein den tirrineria eta zein idorreria baina… gogoan laguna!

Tirrineriaz nagoela, hauxe kolpea! Ez da, bada, tirrineri puntual batengatik izan dela aprobatua ditxosozko lan erreforma hori? Itxura batean bai, «señoría» bat beherakoak jota eta ez dakit kausaz edo ondorioz, baina baietza eman ezetza zelakoan! Lehen arretaren hutsuneak han ere! Garaipen handi modura agertu nahi izatea tirrineria tartean egonda… gobernuaren idorreria agerian. Xisteratik edozer atera daitekeen seinalea.

Tira! Ganorazko xistera bueltan da, aspaldiko partez. Frontoia ikusteko bestelako ikuspegia behintzat, eta hormak, eta erreboteak, eta… frontoi-aniztasuna. Jai alai! esango lukeela Downing Streeteko maizterrak. Bada bai, poztekoa zesta puntaren itzulia. Euskal Herrikoa ere aurkeztua dute, etapaz etapa, datorren urteko Tourrekoak euskal lurralde gehiago hartuko baditu ere. Eta Senpereko aintziraren tourreko giroaren itzulera ere, urratsak eginez egiten delako hizkuntza… Trantsizioek urratsak behar dituzte.