Gazian gozo
Beretterra zer den badakidan galdetu dit Mattinek, eta baietz erantzun diot. Bere bekain zuri ederrak bekokirantz igo ditu orduan, ez baitzuen nire erantzuna espero. Eliz mutila, mezalaguna, «monagillua» ni sortu nintzen herrian. Baina bizi naizen Donibane Lohizunen Mattin da bertakoa, harremanean ere bai, gertukoa, jakinduria transmititzeko gogoz bere laurogei urterekin. Ez zuk jaso dezazun, baizik berak eman dezan; diferentea dena. Kolonizatutako eremuan, kolonizatuenak bere teoriak interesekin agertzen ditu, iritzi kolektibo bat sortu, eta zapaldutako bere berdinei zigor bat gehiago eragin nahiz; harri handia baino errazago altxatzen baita ttipia. Hala gabiltza euskaldunak euskaldunen kontra mendeetan, harri handia altxatzeko ezgauza. Baina Mattinek ez du kolonizazioaz hitz egiten, lagundu egiten du, ekarri, eraman, euskaraz, izanaz. Baserriari ofizialki izena onartu ez badiote ere, Peronienia, hesolekin afixatu du. Beretter zen igandeetan amak goizeko seietan elizara eramaten zuela aitortu digu; lanak eginda gosaldu egiten zutela, «txurros con chocolate», Donostiako serorak zebiltzalako orduan elizako laguntzaile. Akordatu naiz Pierre Bordazarren pastoralaz, «Pette Beretter». Fernando Katolikoa laguntzen zuen militarra, Frantziako Erregeren zerbitzura aritu zena, «Petri Navarri Cantabri» ehortzia Italian. Monagilloa hura izan zen, txotxongiloa. Mattin bezalakoak txurro eta txokolate dira, gazian gozoak.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
