Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidea zendu da
Karmele Aierbe ezker abertzaleko kide historikoa eta euskaltzalea hil da, gaixotasun luze baten ondorioz. Gaur egingo diote azken agurra, Ataun bere herriko San Gregorio auzoko pilotalekuan. Gaztetatik militantzia politikoarekin uztartu zuen irakasle gisa egindako ibilbidea.

Karmele Aierbe ezker abertzaleko kide historikoa eta euskaltzalea hil da, gaixotasun luze baten ondorioz. Ataundarra zen eta herriko alkateak eman zuen berria sare sozialetan. «Euskaltzale eta borrokalari nekaezin» gisa definitu zuen. Gaur egingo diote azken agurra San Gregorioko pilotalekuan.
Aierbe 1951n jaio zen Ataunen. Ogibidez irakaslea zen baina gaztetatik bere militantzia politikoarekin uztartu zuen hezkuntza. Herri Batasunako militantea, 1998an Mahai Nazionaleko kide aukeratu zuten. Behin baino gehiagotan atxilotu zuten, eta torturak pairatu zituen. Azken aldiz 2007ko urrian atxilotu zuten, Segurako operazioan, eta auzipetu egin zuten beste 35 lagunekin batera.
Ataungo zinegotzi ere izan zen, eta euskalgintzan ere murgildu zen gaztetatik. Euskal Herrian Euskaraz erakundeko koordinatzailea izan zen 80ko hamarkadaren bukaeran eta lan handia egin zuen euskararen alde, baita UEMAn ere.
Aierbe gaixo zegoen aspalditik eta 2019ko otsailean omenaldia eskaini zioten Ataunen. Goierriko hainbat udalerritako alkate eta hautetsiak bildu ziren EH Bilduk deitutako ekitaldian, Arnaldo Otegi koordinatzailea ere bai. Bere ibilbide oparo eta aberatsa txalotu zuten.
Bi urte geroago, iazko ekainean, UEMAk ere omenaldia egin zion Amasa-Villabonan, urteko batzar nagusian; euskararen alde egin zuen lana eskertu nahi izan zion. Aierbek ezin izan zuen ekitaldira joan, baina lore sorta bat bidali zioten.
Sare sozialetan oihartzun handia izan zuen bere heriotzak; guztiek bere konpromisoa nabarmendu zuten. Sortuk eskerrak eman zizkion, «herria egiteagatik», eta Otegik bere nortasuna goraipatu zuen. UEMAk erakunde horri egindako ekarpena gogoratu zuen eta Kontseiluak eskerrak eman zizkion. Olaso Dorrea Fundazioak ere agurtu zuen ataundarra.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
