Jon ORMAZABAL
PILOTA

Eskolan bezalako buruketa matematikaren egunerako

Lehian diren lau bikoteek dituzte finalerako sailkatzeko aukerak, baina Altuna-Martija eta Irribarria-Rezusta dira txartelak soilik euren esku dituzten bakarrak.

Ez dakigu Binakako Txapelketan bizirik dauden pilotariak zenbaki kontutan galtzen diren horietakoak diren, baina atzoko pi edo matematikaren eguna kalkuluak egiten igaroko zutela imajinatzen dugu, dituzten aukerak buru-belarri aztertzen. Izan ere, lehen fasean gertatu zen bezala, orekarena bezala saldu ziguten txapelketaren finala zein bi bikotek jokatuko duten finalerdietako ligaxkaren azken partidan erabakiko da, zale eta enpresen gozamenerako, nahiz eta, Labriten salbuespenarekin, nahi baino jende gutxiago ari den pilotalekuetara gerturatzen.

Gehiago edo gutxiago, lau bikoteek dituzte apirilaren 3an Bilboko Bizkaia pilotalekuan finala jokatzeko aukerak. Hori bai, gauzak errazte aldera, bi bikote dira txartela euren esku dutenak: Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezusta. Irabaziz gero finalean izango dira. Amezketarrak eta Etxeberrikoak, hala ere, badute, Laso-Imazen aurkako euren partida jokatu aurretik sailkatuta egoteko aukerarik, horretarako Elezkano-Zabaletak larunbatean Irribarria-Rezusta garaitu beharko lituzkete.

Aukera nahasiak

Hortik aurrera, nahasmen handia utzi du txapelketak eta Laso-Imaz eta egungo txapeldunen aukerak asko korapilatzen dira. Baikoko bikote bakarraren finalerako biderik errazena igandean Altuna-Martijari gutxienez 22-20 irabaztea litzateke. Hori lortu ezean, kalkulagailua martxan jarri beharko lukete. Astelenako partida tanto bakarraren aldearekin irabaziko balute, bezperan Irribarriak eta Rezustak galtzea beharko lukete. Baina bada igandean jokatu aurretik ere finalera eraman ditzakeen bide zail bat, horretarako, bezperan, Elezkano-Zabaletak Irribarria-Rezustari irabazi beharko liekete Labriten 22-17 eta 22-21 arteko emaitza batekin. Gauzak are gehiago zailtzeko, Altuna-Martijaren aurka 16 tanto egitea ere nahikoa lukete egungo txapeldunek 2017koak 22-16 gaindituko balituzte.

Lortu beharrekoa zailagoa den arren, gauzak askoz argiago dituzte zaratamarrak eta Etxarrenekoak. Finalistak izango dira Irribarria-Rezustari 22-15 irabazi eta Laso-Imazek Astelenan galtzen badute, edo ezkerrei 22-16 gailendu eta Laso-Imaz ez badira 16 tantora heltzen.

Aste honetako presioa eramaten jakiteak ere izango du zeresanik amaiera estu honetan eta Ander Imazek dagoeneko esana du ez duela larunbateko partida ikusiko. Duela lau urte, Aimar Olaizolarekin bikotea osatuz, kolpe handia eraman zuen, lehen bi partidak irabazi eta hirugarrenean finaletik at geratuta.