GARA
BILBO

Bidelagun Fundazioa, lan osasunean eragiteko tresna

ELAk Bidelagun Fundazioa aurkeztu zuen, atzo, Bilbon. Lan-prebentzioan «eraginkorrago izateko» eta enpresetan «urtean gertatzen diren 40.000 istripuak murrizteko» helburuarekin sortu du.

ELAko Zerbitzu Juridikoen arduradun Amaia Aierbek eta Bidelaguneko abokatu David Penak aurkeztu zuten Bidelagun Fundazioa, Bilbon egindako agerraldian. Izaera propioa du eta Durangon izango du egoitza.

Azaldu zutenez, Hego Euskal Herrian 50 pertsona baino gehiago hiltzen dira urtean lan istripuetan eta «heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz». Kopurua «onartezina da», baina «ez du behar besteko alarma sortzen enpresa munduan», baieztatu zuten.

Haien esanetan, «argi dago enpresak prebentzioaz arduratzen hasiko direla istripuak prebentzio neurri horiek baino garestiago ateratzen zaizkienean».

Helburu horrekin, «prestakuntzaren eta kalte-ordainen bidez lan osasunean lorpen eraginkorrak lortu» nahi ditu ELAk, sortu berri duen Fundazioarekin. Zehaztu zuenez, lan-osasuneko espezializazioak ahalbidetu du berrikuntzaren eta bide berrien bidez bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidearen defentsa are eraginkorragoa izatea, eta horregatik sortu dute Fundazioa. Testuinguru horretan kokatu zituzten pandemiako kautelazko neurrien eskaera, lortutako kalte ordainak...

Penak honela azaldu zuen: «Prebentzioan beste koska bat gora egitea lortu dugu, istripua gertatu aurretik zigorrak lortu ditugulako eta horrek aukera ematen digu disuasiozko kalte-ordainak eskatzeko, enpresek serio har dezaten langileen osasuna». Lan-osasunean lan eskerga egiteke dagoela esan zuten. Horren erakusgarri, Hego Euskal Herrian «urtero, 40.000 pertsonak baja hartzen dute lan istripuengatik, arazo psikosozialak dituzten milaka pertsonez gain».