Asier ROBLES
BILBO

13/13ko zigor-epaia salatuko dute Donostian eta Bilbon hilaren 9an

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri espainiar Auzitegi Nazionalak ezarri dizkien kartzela zigorrak salatzeko mobilizazioak deitu ditu 13/13 plataformak, Bilbon eta Donostian, apirilaren 9an, 17.30ean. Zigor-epaia «demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrako» zigorra dela salatu dute. Erabakitzeko eskubidearen aldeko juristek ere kritikatu zuten sententzia, «errealitate sozialetik at» dagoela nabarmenduz.

13/13 auzian emandako zigor-epaiaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte, Bilbon eta Donostian, hurrengo asteburuan, apirilaren 9an hain zuzen ere. Horrela jakinarazi zuten Luix Barinagarrementeriak, Ana Perezek, Gotzon Barandiaranek eta Xabier Amurizak atzo goizean emandako prentsaurrekoan.

Epai honen bitartez zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zaio Arantza Zulueta abokatuari, eta hiru eta lau urte bitartekoak, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri, presoen aldeko lanagatik.

Auzipetuei babesa emateko plataformako kideek sententzia hau bidegabekeria dela azpimarratu zuten, «irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka eta berme juridiko oso gutxirekin burututako epaiketa baten ondorioz hartutakoa».

Izan ere, sententzia eta zigor hauek bi helburu dituztela salatu zuten: «Epaitutakoen eta euren senide zein lagunen sufrimendua areagotzea eta Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa oztopatzea».

«Gure herrian konponbide demokratikorako hasitako aro berriaren ostean, ‘dena ETA da’ printzipioa oinarri duten jarduerak salatu nahi ditugu. 13/13 makro-epaiketa denboraz eta lekuz kanpokoa izan da, eta Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko herritarron gehiengoa egiten ari garen bidearen kontrako norabidean doa», azaldu zuten.

«Etorkizunaren kontrakoa»

Horregatik, epaia «demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrako» zigorra dela nabarmendu, eta iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideetan oinarritzen den zigor kolektiboa dela gaineratu zuten, «hain zuzen ere, euskal gizarteak nahi duenaren aurkakoa, euskal gizarteak bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi baitu».

Herritarrei apirilaren 9an antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten. 17.30ean hasiko dira, Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Donostiakoa Saguesetik.

Erabakizaleak

Erabakizaleak taldeak ere (erabakitzeko eskubidearen aldeko juristak), 13/13 sumarioan emandako epaia kritikatu du ohar batean. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean aitortutako eskubideen urraketa larria dakarrela salatu du.

Alde batetik, sententziak «errealitate sozialetik at» dauden argudioak ematen dituela diote: «Epaiak bere egin du Fiskaltzaren tesia, hau da, ‘ETA ez dela desagertu’, eta harrigarria iruditzen zaigu, kontakizun hori ez datorrelako bat legeria aplikatu behar den garaiko errealitate sozialarekin». Izan ere, arauak garaiko errealitate soziala kontuan hartuta interpretatu behar direla eskatzen duen Kode Zibilaren 3. artikulua urratzen dela dio jurista taldeak.

«Zigor-zuzenbidea modu objektibo, orokor eta berdinean interpretatu behar da, subjektuak eta egitateen kalifikazio politikoa kontuan hartu gabe», gaineratu du.

Bestalde, egitate beragatik subjektu bera bi aldiz zigortzea debekatzen duen Non bis in idem printzipioa urratu dela azpimarratu dute. «13/13 sumarioan auzipetuetako batzuk kondenatuak izan dira jada egitate berarengatik, banda armatuko kide izateagatik hain zuzen ere, eta euren kondena bete dute», azaldu dute juristek.

Defentsa eskubidea urratu dela ere salatu dute: «Defentsa eskubidearen bermea burutu izan denaren zalantza mahaigaineratzen duten hainbat kuestio agerian geratu dira. Bereziki deigarria iruditu zaigu CNIko agenteen berrespen falta ahozko epaiketa ekitaldian. Espediente osoa, CNIk burututako ikerketan oinarritzen da, nahiz eta horren gaineko inolako kontrol judizialik egon ez izan. Auzitegiak ez dio jaramonik egin, kontradikzio eta defentsa printzipioen oinarri den agenteen berrespen-eskaerari».

Gainera, epaiak akusatuek pairatutako tratu txar eta torturen salaketak ez dituela kontuan hartu gogorarazi dute. «Bortxa eta torturen bidez lortutako deklarazioetan oinarrituta, ezin daiteke epai kondenatoriorik eraiki», salatu dute.