GARA
bilbo

Hitzarmenak blokeatuta segitzen badu, grebara joko dute Bizkaiko merkatariek

Bizkaiko merkataritzako langileek, ELA eta LAB sindikatuen ordezkaritzekin, ohartarazi zuten apirilean greba egingo dutela, patronalek hitzarmenen negoziazioa blokeatzen jarraitzen badute.

Bizkaiko merkataritzako langileek Cebek patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean protesta egin zuten atzo, larruaren eta oinetakoen, ehunen eta, oro har, sektoreko hitzarmenen negoziazioaren blokeoa salatzeko. Hileta bat antzeztu zuten, hilkutxa eta guzti, merkataritzaren heriotza irudikatzeko, eta ohartarazi zuten grebara joko dutela hitzarmenik erdiesten ez badute.

Joan den martxoaren 31n amaitu zen merkataritzako ultraaktibitatearen luzapena, eta orain arteko negoziazio-bileretan, ELA eta LAB sindikatuen arabera, Cecobi eta Bizkaidendak patronalek neurri atzerakoiak planteatu dituzte: antzinatasuna kentzea, udako larunbat arratsaldeetan lan egitea eta bajak %100ean ez osatzea lehen egunetik, «gaixotzea zigortuz».

Sektorean absentismoa «oso handia» dela esanez justifikatu dituzte patronalek neurri horiek. «Nola ez da altua izango, etengabeko antsietatean bizitzera behartzen bagaituzte? Hilaren amaierara iristeko ematen ez duten lanaldiak baditugu? Funtzio gehiagorekin eta langile gutxiagorekin, eta pasatu berri dugun enplegu erregulazioko espedientea azkena den ez badakigu?», agertu zuten ELA eta LABek.

Sindikatuek ehungintzako merkataritzaren negoziaziotik ateratzea erabaki zuten, patronalen eta langileen artean jarrerak «are urrunago» zeudela antzemanda.

ELAk eta LABek diotenez, azken hilabeteotan langileek hainbat lan-eraso jasan dituzte enpresen aldetik: «Aldaketa nabarmenak, gehiago prekarizatu gaituztenak, gehiegizko lan karga, aitortu edo saritu gabeko funtzio berrien zabaltzea, erregulazio espedienteak, denden itxierak...»

Gaineratu zutenez, azken urteetan digitalizazioak, beste sektoreetan bezala, aldaketa sakonak eragin ditu merkataritzan ere, baina beharginen lan-baldintzak «ez dira horietara egokitu».

«Ez edozein preziotan»

Egoera horretan, ELAk eta LABek jakinarazi zuten patronalek hitzarmenen negoziazioa blokeatzen jarraitzen badute grebak egingo dituztela apirilean merkataritzako sektore guztietan, soldatak eguneratzea eta «urteak izoztuta» daramaten lan-baldintzak hobetzeko hitzarmenak lortzeko.

«Gure hitzarmenak berritu behar ditugu, baina ez edozein preziotan; hitzarmen duinen alde egingo dugu», adierazi zuten ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzean.

Lanaldia murriztea, soldata handitzea, kategoriak berritzea, ordaindutako lizentziak erraztea eta behin-behinekotasuna zigortzea galdegiten dute, besteak beste. «Horregatik ari gara urtarriletik borrokan eta gaur patronalaren aurrean batu gara, dirudienez feminizatutako sektoreek hitzarmen duinak sinatu ahal izateko borroka egin behar baita», aldarrikatu zuten atzo.