Euskal Herriko 75 eskultore elkartu eta euren lana ikusgai jarri dute
Duela 50 urte egindako eskultura erakusketa gogoratzeko Euskal Herriko 75 eskultorek euren obrak erakutsiko dituzte Barakaldoko Ilgner eraikinean. Ekainaren 17ra arte dago zabalik erakusketa. Artisten arteko elkarlana azpimarratzeko helburuarekin, gainera, Euskal Eskultoreak Elkartea sortu dute. «Euskal kultura indartzeko» sortu dute elkartea, eta «bidearen hasiera baino ez da hau» sustatzaileek atzo eginiko aurkezpen ekitaldian adierazi zutenez.

“Bigarrena” erakusketaren komisarioa Fernando Golvano da eta erakusketa hartzen duen lekua Bizkaiko Labe Garaien antzinako eraikina da. Ekainaren 17ra arte dago zabalik erakusketa. Azken Muga Kultur Elkartearen, Lakuako Gobernuaren, Barakaldoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren fruitu da.
1971ko uztailean Ceferino del Olmok I. Arte Plastikoen Erakusketa koordinatu zuen. Helburua arte euskalduna eta espainiarra hiri periferiko eta industrialean islatuko zuen biurteko bilakatzea zen. Hala ere, Euskal Herriko bederatzi artistak bakarrik hartu zuten parte erakusketan eta artista multzo batek ez zuen hori ondo hartu. Hori dela eta, 1971ko abendutik hurrengo otsailera arte, Euskal Artearen Erakusketa antolatu zen Del Olmoren laguntzarekin. Artelanen eta artisten hautaketaz arduratzen zen komisariorik edo irizpiderik ez zegoenez ezarrita, “La Indiscriminada” (bereizi gabea) izena jaso zuen erakusketak. 1973. urtean bigarren edizio bat izan zuen.
Guillermo Olmo eskultoreak atzo hedabideen aurrean eginiko aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuenez, erakusketa hori «ordezkari izan dugun eskulturaren urrezko garaiaren hasiera izan zen». Horregatik, aurtengo “Bigarrena” hitzordua artistentzat «oso inportantea» dela adierazi zuen, batik bat egungoa «kulturarentzat une zaila» dela kontuan izanik.
Fernando Golvanok adierazi zuenez, Barakaldon ateak zabaldu dituen erakusketak «eskulturagintzaren tradizioaren eta sortzen ari den mugimendu garaikidearen arteko elkarrizketa irudikatzen du». Izan ere, “Bigarrena” erakusketaren asmoa duela 50 urte egindakoaren «elkartzeko ahaleginaren espiritua berreskuratzea» da.
1971n hasitako zizelkarien arteko hartu-eman horretan oinarrituta, Euskal Eskultoreak Elkartea sortu berri dute egungo artistek. “Bigarrena” erakusketa bere elkartearen eskutik doa.
Lehen pausuak
Olmok adierazi zuenez, «euskal kultura indartzeko» sortu da elkartea, eta «bidearen hasiera baino ez da hau». Elkartea osatzen duten kideen esanetan diziplina artistiko honek pisua izan zuen iragan hurbilean gure herrian zein nazioartean, baina egun ezjakintasunak markatutako garaiak bizi ditu. Erakusketaren testuinguruan ekintza programa bat prestatu dute antolatzaileek. Horren barruan, Barakaldoko Clara Campoamor Gizarte Etxean hainbat eskultorek eta komisariok solasaldiak prestatu dituzte, maiatzaren 12rako eta 26rako, hurrenez hurren. Bestalde, Ilgner eraikinean bertan artistek bisita gidatuak eskainiko dituzte.
Barakaldokoaz gain, Azken Muga elkarteak “Euskal Herriko eskultura erakusketa zabalena” dauka ikusgai. Ehun eskultoreren lanak biltzen ditu eta duela gutxi arte Angelun bisita zitekeen. Datozen hilabeteetan Hazparnetik, Tolosatik, Zornotzatik eta Lizarratik ere igaroko da erakusketa.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
