11 MINUTU BERANDU, BIHOTZETARA GARAIZ
BADAGO EUSKAL HERRIAN, ALDERDI POLITIKOEN ETA KAMISETEN KOLOREEN GAINETIK, SENTIMENDUAK BATZEKO GAI DEN EGITASMO EDER BAT, UDABERRIAN LORATU ETA «EZTARRITIK ATERATAKO IRRINTZI» BILAKATZEN DENA. KORRIKAREN PAREKORIK EZ DA. LUZAROAN ITXARON DUGUN ARREN, 22. EDIZIOA PRIMERAN ATERA DA ETA OSPATU BEHARRA ZEGOEN.

Pandemia baten eta hiru urteren ostean, Korrikak ilusioz busti du udaberri zoro honen hasiera. Hamaika egunez Euskal Herriaren ipar-hego-ekialde-mendebaldea zeharkatu ditu inoiz egona ez zen lekuei bisita eginez, Amurriotik hasita. Eta hamaika urteren ostean, Donostian amaitu da berriro, bertan bukatu baitzen 17. Korrika. Eta aurtengo edizioan hamaika minutu berandu iritsi zen Gorritiren lekukoa Bulebarrera. Berandu, baina garaiz bertan zeuden milaka euskaltzaleen bihotzetara, 2.575 kilometro atzean utzita.
«Jainko txiki inspiratzaileak»
Zorabioren bat eragin zuen, jendetza eta beroa nagusi ziren Bulebarrean. Adin guztietako euskaltzaleak bilduak ziren bertan, pozarren, telefonoak buru gainetik altxatuz Korrikaren azken metroak betiko bideoan jaso nahian. Bozgorailuetan, urteetan eta kilometro askotan lagundu duen soinu banda. Txaloka hartu zuen jendeak Korrika.
Orduan ezagutu genuen ondo gordeta zeraman sekretua: Karmele Jaiok idatzi du aurten lekuko barruan eskuz esku saltoka ibili den mezua, eta berak irakurri zuen. «Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika», hasi zen gasteiztarra.
«Oihu honek hogeita bigarrenez erakutsi digu hizkuntza bat ez dela hitzekin egiten bakarrik, hitzekin eta gorputzekin baizik. Belaun eta hanken gainean trostan eraman daitekeela hitza; dardara, arnasestu eta izerdi artean pasatu ahal zaiola elkarri eskutik eskura», esan zuen.
Jaioren hitzetan, «euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malkoz eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea», eta eskatu zuen erakusteko «zein merkea den gure hizkuntza» herriaren ahotik doan hartu eta doan ematen dugulako. Era berean, indibidualismoaren kontra, euskara kolektibo bat eraikitzeko deia egin zuen.
Bestalde, influencerrak hain ezagunak diren garai honetan, «bestelako jainko txiki inspiratzaileak» izatera animatu zituen bertan zeuden guztiak, eta euskararen alde lan handia egin duten hainbat pertsona aipatu zituen: Pello Zabala, Joan Mari Torrealdai, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia eta Izaskun Arrue.
Dauden inertziak hausteko bidean, euskaldun berri eta zaharren arteko talka hori ere eraitsi nahi du idazleak, «denok garelako euskaldun berri, hizkuntza bat egunero hazten delako, egunero berritzen delako».
Amaitzeko, esan zuen euskara ez dela dugun zerbait, «garen zerbait baizik», eta Maurizia Aldeiturriaga zenaren irrintzien indarrarekin oihu egiteko eskatu zuen: «Ekin euskarari, eutsi kateari!».
Aurreko Korrikei erreferentzia
Jaiok bere manifestua irakurri ostean, Aize Otañok hartu zuen hitza AEKren izenean, eta orain arteko Korriken lelo eta abestien erreferentziaz jositako adierazpena egin zuen. «Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari... haur, heldu eta gazte, ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! Maitatu, ikasi, ari... euskaldun kalakari eta eman euskara elkarri. Euskahaldun gaitezen, batzuk eta besteak, elkarren gogoa klikatuz!», aipatu zuen zazpi aipu ezagun gogora ekarriz.
Korrikaren sorrera ere oroitu zuen: «1980, Oñati; elurra mara-mara eta elizako kanpai-hotsak din-don, din-don... aurrera jarraitzen dute urteek, eta 2022an ereindako haziak errotu ditu sustraiak, loreak loratzen ari dira fruituak emateko gertu». Fruitu horiek heltzeko lana dagoela egiteko iradoki zuen.
Ekitaldia dantzan amaitu zuten denek. Kukai Dantza taldeak “HitzEkin” abestia dantzatzeko prestatu zituen mugimenduak ikasita zituzten askok. Kalean eskuak mugituz bat egin zuen jendeak, eszenatokian dantzariak, Jose Mari Agirretxe (Porrotx), Mertxe Rodriguez (Mari Motots) eta Korrikako furgonetan hamaika egun eman dituzten Oier eta Naiara zeudela.
Egun osoko festa
12.30eko zitara berandu iritsi arren, goizeko 7.30etik zeraman Korrikak Donostian. Igaratik sartu zen, eta zortziak aldera zuen GARAk bere kilometroa. Aurten NAIZ Irratiko lankideei egokitu zaie lekukoa eramateko ohorea.
Hirian zehar hainbat buelta eman zituen ondoren, pila bat baitziren euren aletxoa jarri nahi zuten elkarte eta norbanakoak. Hala, azken txanpan lekukoa eraman zuten Etxeratek eta Sarek, Ikastolen Elkarteak, Euskaltzaindiak, gehiengo sindikalak, UEUk, Gure Eskuk, alderdi politikoek era bateratuan, Udalbiltzak eta Uemak, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, eta Kontseiluak, beste askoren artean.
Anoetako estadioan sartu zen tropela, baita Alde Zaharreko kaleetan ere. Ohikoa denez, aldarrikapenak ez ziren falta, eta donostiarren kasuan euskararen alde lan handia egin zuen Txillardegi gogoan izan zuten, Udal Liburutegiari haren izena jar diezaiotela aldarrikatuz.
Festa giroa ere nabari zen. Antolatzaileek Donostiara garraio publikoz joateko deia egin zuten, eta autobus eta trenak jendez gainezka iritsi ziren goiz osoan zehar. Kaleetan igandeetan ezohikoa den zalaparta zegoen, eta pixkanaka hirira iristen hasiak ziren turistek harriduraz begiratzen zieten alde batetik bestera joareak astintzen zebiltzan joaldunei.
Eguna biribiltzeko, hainbat gune antolatuak ziren hirian zehar, jendeak aukera desberdinak izan zitzan. Hala, Bulebarrean Korrikako materiala erosteko aukera zegoen; Txurruka kalean, artisauen azokan; Sarriegi plazan txerrikiak prestatzen ari ziren; Zuloaga plazan kokatutako NAIZ Gunean kontzertu jendetsuak izan ziren; kaian, bertsolariak, eta Trinitate plazan, bazkaria. Eguneko protagonista izan ziren, dudarik gabe, aurten Korrikako omenduak izan diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere, eta jasotako maitasuna itzultzeko asmoz emanaldia eskaini zuten Alderdi Ederren.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
