Idoia ERASO
SARAKO BILTZARRA

LITERATURAZALEEI IDAZLEEKIN BILTZEKO PARADA EMAN DIE AURTEN ERE BILTZARRAK

SARAN, AXULARREN HERRIAN, LAPURTERA KLASIKOKO ESKOLAREN TOPAGUNEAN, KLASIKO BILAKATU DIREN AUTOREAK, GAZTEAK ETA BIDEA EGITEN ARI DIRENAK ELKARTU ZITUEN BESTE BEHIN ERE IDAZLEEN BILTZARRAK, LIBURUEN ZALEEKIN BATERA.

Sarako Biltzarreko pasilloetan barrena Ipar Euskal Herriko idazle anitz atzeman daitezke urtero, baina ez soilik, Hego Euskal Herriko egile zenbait ere hurbiltzen baitira beti. Horiei guztiei plaza ematen dien azokak aurten ere literaturari bere txoko historikoa eskaini dio Lapurdiko herrian. Profesional eta sortzaileen artean giro ederra izan zen, ohi bezala, baina aurten bisitariak ez ziren hainbeste izan, eguna bi hitzordu garrantzitsurekin partekatu behar izan baitzen, Korrikaren bukaerarekin eta Estatu frantseseko presidentetzarako hauteskundeekin.

Euskal literatura eta kulturako aurpegi ezagun anitz ikus zitezkeen herriko kiroldegian antolatutako pasilloetan barrena, liburuz inguraturik: Itxaro Borda, Txomin Peillen, Asisko Urmeneta, Jean-Louis Davant, Piarres Aintziart, Marikita Tambourain, Pantxoa Etchegoin, Peio Ospital... Idazleei eskainitako azoka bada ere, hori baino gehiago ezagutzeko parada ematen du, horiekin batera edizio etxe txikiak eta hainbat musikari ere bertan egoten direlako; ahaztu gabe, aurkezpenak egiteko emana den karpan biltzen diren kultur eremu guztietako ordezkariak.

Biltzarra duela 39 urte abiatu zenetik presente izan den Euskaltzaindiak aurten hiru liburu aurkeztu zituen: Jabier Kaltzakortaren “Jean Elizalde Zerbitzariren Antologia”, Jean-Louis Davanten “Nafarroako Blanka Trajeria” pastoralari buruzko obra ttipia eta Txomin Peillenen “Ene bertsoen bilduma”.

Euskaltzain emeritua den Peillenek bere ibilbide literarioan zehar lagun izan duen poesia bildu du: «Orain dela 70 urte idatzi nuen nire lehen bertsoa. Hain zuzen, poemekin hasi nintzen euskaraz izkiriatzen». Argitalpenak 1951 eta 2021 artean sortutako idatziak biltzen ditu: «Euskal kultura, Ekialdeko kulturak, gai mitologikoak, zahartzaroari buruzkoak... Poema desberdinak daude liburuan, baita Zuberoari eskainitako olerki luze bat ere, epika bat».

Betiko gonbidatua den Maiatz argitaletxearen eskutik, Marikita Tambourinek “Bizirik iraun” liburua eta Itxaro Bordak “Uhartearen Mugetan / Aux confins de l’île” poesia liburua aurkeztu zituzten goizean. Azken hau Maiatzen sorreran berean izan zen; lehenik aldizkaria eta gero argitaletxea sortu zuen idazle eta literatura maitaleetako bat izan zen. Proiektu horren baitan argitaratu zuen bere lehen liburua, argitaletxeak atera zuen lehen obra ere izan zena.

Proiektua 1981ean sortu zenetik, hastapenetik bidelagun izan duen Luzien Etxezaharretak jaso du aurtengo Biltzar saria. Sorreratik Maiatzeko koordinatzailea izan denak egindako lana goratu nahi izan dute horrela. Etxezaharreta ez soilik editore, saria eman aitzin Euskal Kultur Erakundeko Katixa Dolhare-Çaldumbidek egin zuen aurkezpenean adierazi zuen bezala, beste eremu anitzetan aritu izan da, eta badabil oraindik, idazle, itzultzaile, irratilari, irakasle… ere badelako, eta alderdi horiek guztiak saritu nahi izan dituzte. Horiek guztiak elkarri lotuak izan dira beti, euskarak bilduak, euskaltzaletasunak gidatu baitu bide horietan guztietan.

Etxezaharretak berak saria jasotzean hori nabarmendu zuen, euskarak ematen dion indarra, eta bere burua «euskararen langile» gisa definitu zuen. Bere beste pasioa ere aipatu zuen golardoa eskertzeko erran zituen hitzetan, «literaturak garrantzia duelako kulturan, gure mundua kontatzeko era delako, eta besteekin elkartzen gaituelako».

Ohi bezala, bigarren sari bat ere banatu zen atzo, eta Mikel Duverti eman zioten, azken hamarkadetan egin duen lan andana omentzeko. Obra, ikerketa, eta aurkezpenen zerrenda eklektiko eta luzea irakurri zuen Jean-Michel Garat Biltzarreko presidenteak sariaren arrazoiak azaltzen zituelarik.

Ondotik zientzialari, etnografo, kulturazale eta euskaltzale ezagunak eskerrak emateko hitzetan bereziki izan zituen gogoan bidelagun eta «maisu» izan zituen Joxemiel Barandiaran eta Eugene Goyeneche. Aipatu zuen Jean Haritchelharrekiko duen miresmena ere. «Barandiarani eta Etniker-i anitz zor diet, nireak bezalako helburuak zituztelako. Alderdi zientifikoa da interesatzen zaiguna, ideologiak kontuan hartu gabe. Ez genituen teoriak egin nahi, informazioa biltzea zen eta da gure xedea».

Biltzarreko plaza baliatu zuen oroitarazteko «gazte denboran euskal kultura eta idatziak bakartasunean bizi» zirela, eta egungo egoerarekin konparatu zuen, non ezkutatzeko beharrik ez den, ez euskara, ezta berarekiko maitasuna ere.

Harremanak

Kultura eta literatura munduko lagunak, ezagunak edo ezagutzekoak batzeko tokia da Sara. Trukaketa horietatik proiektu berriak ateratzen dira sarritan, eta hori izan da Peio Jorajuria kazetari eta idazlearen kasua. Urte luzez bere idatzien argitalpen tokia izan den “Herria” aldizkariko aspaldiko kolaboratzaile izan zen Jean-Pierre Iratzet apaiz, euskaltzale eta abertzaleari buruzko obra idatzi du. Bizitoki duen Bidarraiko apaizari buruz egin duen obraren proiektua iaz finkatu zen Saran, bertan topatu baitzen Zarautzeko Dakit argitaletxeko Sabin Oregirekin, eta atzo aurkeztu zuten “Gure Otto Pierre”.

Han zegoen Colette Larraburu ere, iaz plaza horretan bertan aurkezpen musikatua izan zuen “Francoren mende kantatzen genuenean” liburuaren egilea. Biltzarrean egin zuen aurkezpen-kontzertuaren parekoak egin ditu Euskal Herrian zehar urte honetan; hamasei, hain zuzen ere, horietatik lau Hego Euskal Herrian.

Francoren garaian euskarazko kantuak abesteko Bidasoa zeharkatzen zuten Ipar Euskal Herriko kantarien balentriak kontatzen dituen liburuko “protagonistak” emanaldietan beti lagun izan ditu, eta arrakasta ederra bildu dutela gaineratu zuen. Bira bukatu baino lehen, beste hiru emanaldi besterik ez dira gelditzen, Donalapeun eta Baiona eta Biarritzeko mediateketan.

Francoren menpe kantatu zuen Ospitalek Euskal Herrian zehar Larrabururekin batera egindako bidea gogoan izan zuen, baita Etxezaharretarekin egindakoa ere; izan ere, Ipar Euskal Herriko kulturaren eta kulturaren historiaren berri izateko toki ezin hobea da Sara. Musikariak literatoarekin, duela zenbait hamarkada sortu zuten Amaia kultur elkartea izan zuen gogoan Ospitalek.

Profesionalen eguna

Azken urteotako antolaketari jarraipena emanez, publikoari irekitako egun historikoaren ondotik, profesionalei zuzenduriko eguna izanen da gaur. Data aldatzearen arrazoia da Pazko astelehena egun txarra dela Hego Euskal Herriko profesionalak erakartzeko eta horregatik aurreratu dute Aste Sainduko oporretara.

“Ahozko euskal literatura, atzo eta gaur” izanen da aurtengo gaia, eta hiru mintzaldiren inguruan osatu da programazioa. Goizean, “Ahozko Euskal Literatura: generoak eta adibideak” gaiari buruz mintzatuko da Xabi Paia.

Arratsaldean, Gotzon Barandiaranen eta Rafa Ruedaren mintzaldi musikatua izanen da, “Hitzen ahairea”. Azkenik, Patri Urkizuk “Sarako bestak (1864-1885): Lore-Jokoak, bertso -paperak eta laster-koplariak” gaia izanen du aipagai.