Boto zuria, eskuin muturrari aurre eginez liberalismoa uxatzeko tresna

Jean Luc Melenchonen mugimenduak, Ipar Euskal Herrian lehenengo itzulian bigarren heldu zenak, bigarrenean boto zuria ematera deitu zuen. Emaitzak ikusita, Hexagonoan baino oihartzun argiagoa ukan zuen bertan eskuin muturrari aurre eginez Emmanuel Macronek ordezkatzen duen liberalismoaren errezeta arbuiatzeko eginiko proposamenak.
Datuak eskuan, Estatu mailan 4,8 puntu gora egin zuen boto zuriak. Apirilaren 10ean 543.638 boto-emailek egin zuten hautu hori; bigarren itzulian, ordea, 2.228.006 hauteslek egin dute.
Ipar Euskal Herrian boto zuria %7,33 emendatu zen. Lehenengo itzulian boto-emaileen %1,44k baizik ez zuen hautu hori egin. Behin betiko itzulian, berriz, %8,77. Zehazki, 2.731 boto zuri zenbatu ziren apirilaren 10ean eta 16.079, bigarrenean.
2017ko bigarren itzuliak, dagoeneko boto zuria eta nulua gehiturik, zifra esanguratsua utzi zuen: 23.580 boto. Joan den igandean ez zen zifra hori berdindu, orotara zuria eta baliogabea aintzat harturik 21.320 zenbatu baitziren.
2017ko bozen bigarren itzulian abstentzioa %23,18koa izan zen Ipar Euskal Herrian. Iragan igandean, berriz, %25,2ra heldu zen. Ez zen, beraz, estatuan neurtutako gorakada sumatu.
Emmanuel Macronek garaipen handia lortu zuen Ipar Euskal Herrian, estatu mailan lorturiko batez bestekoa aise hobetuta. 2017an 117.401 boto eskuratu zituen bigarren itzulian. Igandean bere sostengua apaldu bazen ere, krisiak krisi eta erreformak erreforma, 106.054 boto sartu zituen zakuan. Bestalde, eskuin muturrak ez zuen estatu mailan lorturiko emaitza bezain ona atera. Hala eta guztiz ere, 2022ko Presidentetzarako bozek frogatu dute Le Penek gaitasuna ukan duela bi itzulietan bere emaitza hobetzeko.
Eskuin muturraren eremuko hiru eskaintza ziren lehen itzulian. Hiruren artean 44.923 boto bildu zituzten apirilaren 10ean. Iragan igandean 55.907 boto eskuratu zituen Le Penek.
Eskuin muturra lehena heldu zen ozta-ozta Gixunen (%50,5), Bankan (%51,5), Etxarrin (%52,6) eta Urrustoi-Larrabilen (%55,4). Mendibekoa bitxia izan zen: Macronek eta Le Penek berdindu egin zuten, bakoitzak 41 boto eskuratuta.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
