P.L.
donostia
Entrevista
ALBERTO UNAMUNO
AHAZTUEN OROIMENA

«Mugitzen zen oro tirokatzen saiatu ziren hegazkinak»

Ahaztuen Oroimena elkarteak gaur 85 urte Munitibarren pasatutakoak oroitzea du helburu.

Munitibar izan zen orain 85 urte airez erasotako herrietan lehena. «Frontea erortzen hasia zen eta gudari zein milizianoek atzera jotzeko deia jaso zuten», esan zion Naiz Irratiari Alberto Unamunok, ordukoak oroitzeko lanean ari den Ahaztuen Oroimena ekimeneko kideak. «Egoera lehertu zen nazionalak Oiz mendira hurbiltzen hasi zirenean», azaldu du. Orduan hasi zen aire-erasoa: «Ez zieten eraso egin atzera bidean ziren tropei bakarrik; Munitibarko baserri gehienak bonben helburu izan ziren».

Erasoa hiru kolpetan burutu zen, 09.00etan hasita. «Txanda bakoitzean ikusten da etxeen gainetik pasatzen zirela eta euren helburua ahalik eta kalte gehiena egitea zela», zehaztu zuen Unamunok. Lehergailuak jaurti ostean, ehiza-hegazkinak «mugitzen zen oro tirokatzen saiatu ziren».

Aire erasoetan hogei bizilagun hil zituzten, eta Munitibarreko herritarrek ezin izan zituzten senideak hilerrian hobiratu. Salbuespena Justa Mendibe Arteach izan zen. Matxinatuak herrian sartu baino lehenago eraman zuten hilerrira. Gainontzekoak hegazkinek jaurtitako bonbek utzitako zuloetan hobiratu zituzten. Unamunoren esanetan, ez dago argi hobiratzeen zergatia. «Beharbada pentsatuko zuten gorriak edo separatistak zirela eta ez zutela merezi Elizaren babesa. Nahiz eta herritar xumeak izan, eta segur aski fededunak».

Memoria guneak

85 urte igaro ostean, Munitibarrek gogoan izango ditu erasoan hildako bizilagunak. Herritarrek bat egin dute orduko hobiak markatu eta memoria guneak sortzeko. Gaizka Muñoz bizilagunaren esanetan, bost memoria lekutan, bertan hil edo ehortzitako bizilagunei buruzko informazioa emango da.

Isiltasunari aurre egiteko asmoz dira Munitibarren. Arkaitz Goikoetxea alkatearen esanetan, erasoaren transmisioa etxe barnean gelditu da. «Pena da memoria kolektiboa sortu ez izana. Memoria guneak horretara datoz, denon artean memoria kolektiboa landu eta sortzeko».