Idoia ERASO
BIARRITZ

EH Bai hiru hautesbarrutietan aurkeztuko da Legebiltzarrerako bozetan

Euskal Herria Bai-k Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztuko dituen hautagaiak ezagutarazi zituen atzo, Biarritzen. Ekainaren 12an eta 19an izanen diren bozetan, hiru hautesbarrutietan izanen ditu hautagaiak koalizio abertzaleak, eta bere kanpainan trantsizio ekologikoa eta lurra eta etxebizitza izanen dira gai nagusiak.

Parisen Ipar Euskal Herriaren ahotsa defendatuko duten diputatuak segurtatzea garrantzitsua dela baieztatu zuten: «Azken bost urteetan, Korsikako hiru diputatuek zein Paul Molacek erakutsi bezala, garrantzitsua da bertakoen interesak defendatuko dituzten diputatuak lortzea». Hala, kanpainan “Gure esku” leloa zabaldu nahi dute.

Laugarren hautesbarrutian Egoitz Urrutikoetxea eta Terexa Lekunberri izanen dira hautagai, biak Euskal Herriaren, euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lanarengatik ezagunak.

Mathilde Hary eta Sylvain Aime izanen dira bosgarren hautesbarrutian. Lehena Baionan bizi den langile soziala da, eta bigarrena, Bastidan bizi den laboraria, zirkuitu laburrean soilik ari dena.

Seigarren hautesbarrutian Peio Dufau eta Françoise Gallois izanen dira hautagaiak. Dufau ezaguna da tren-langile gisara egiten duen borroka sindikalagatik eta Ziburuko Herriko Etxean zinegotzia izateagatik. Gallois Uztaritzeko Herriko Etxean axuanta da eta Euskal Elkargoko hautetsia.

Bi ardatz nagusiez gain, bizitza duina izateko eskubidea eta askatasun indibidual eta kolektiboen alde borrokatuko direla adierazi dute, baita Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako bidean bake justu eta iraunkorraren alde ere, eta euskara ere gai garrantzitsua da, koalizioaren ustez, «gure nortasunaren funtsa baita».

Covidak eta Ukrainako gerrak «egungo jendarteen ahulezia erakutsi» dutela baieztatu ondoren, EH Bairen alde bozkatzea eskatu zuten, «elkartasunean, justuagoa eta iraunkorragoa izan nahi eta izan behar duen geroa eraikitzeko».

Presidentetzarako hauteskundeetan ezkerreko alderdiek izaniko emaitzen ondoren, ezkerrak elkartzeari buruzko gogoeta zabaldu du. EH Baik ez du dinamika horrekin bat egiten. Elkarrizketak, izatekotan, lehenago izan behar zirela adierazi zuen Dufauk, eta argiki erran zuen: «Hemen EH Bai aurkeztuko da».