Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA - LEHEN MAILA

Nekanek eta Etxezarretak etxean jarraituko dute

Urtebetez luzatu dute kontratua aurrelari bizkaitarrak eta erdilari gipuzkoarrak.

Ados jarri ziren atzo Reala eta Athletic albiste onak emateko orduan. Izan ere, klub zuri-gorriak Nekane Diezen kontratu luzapenaren berri eman zuen, eta, donostiarrak, berriz, Ane Etxezarretarena; 2023ra arte berritu dute batak zein besteak.

Abuztuan 31 urte beteko dituen Nekanek hamaseigarren denboraldia jokatuko du Athleticekin. Kamiseta zuri-gorria inoiz jantzi duen futbolari gazteena da, 15 urte baitzituen Ljubljanan debutatu zuenean 2007an; Eba Ferreira ordezkatu zuen bigarren zatian, KRKA taldearen kontrako Txapeldunen Ligako partidan. Harrezkero hamabost denboraldi eman ditu lehen taldean, zuri-gorriz partida gehien jokatu dituen laugarren futbolaria bilakatuz 353 norgehiagokarekin. Erika Vazquezek besterik ez ditu egin Athleticentzat aurrelari barakaldarrak sartutako 160 golak baino gehiago.

«Oso pozik nago –adierazi zuen Nekanek kontratu luzapena sinatu ondoren–. 15 urte daramatzat etxean, Athletic nire etxea dela sentitzen baitut. Oso harro nago klubak hemen jarraitzeko aukera eman didalako». Aurrelariak gogoratu zuenez, «15 urterekin Juaristik deitu ninduenean ez nuen sinisten. Are gutxiago pentsatuko nuen hainbeste urte emango nituenik hemen. Pribilegiatua sentitzen naiz. Hemen hazi naiz, ia nire bizitza osoa pasa dut hemen, jende asko ezagutu dut, jokalari askorekin jokatu dut… Oso pozik nago; nahi dudan lekuan nago, nire bizitzako klubean».

Athletic «trantsizio une batean» dagoela onartu zuen Nekanek. «Jokalari askoren etapa amaitzen ari da eta beste batzuek erantzukizuna hartu behar dute. Garrantzitsua da denok aurrerapauso bat ematea. Kluba gauzak oso ondo egiten ari dela uste dut, sekulako lana egiten ari da harrobiarekin eta orain urrats bat egin behar dugu Athletic ahal den altuen egoteko. Goiko postuetan izatea zaila da, baina aurten oso lehen itzuli ona egin dugu», esan zuen.

Denboraldi ederra

Nekanek beste urtebetez Ane Etxezarretaren kontra jokatzeko aukera izango du, beasaindarrak ere 2023ra arte luzatu baitu kontratua Realarekin. Herriko taldean eman zituen lehen urratsak gipuzkoarrak, ondoren bi denboraldi Oiartzunen jokatzeko. Bertan igoera lortu bazuen ere, Realarekin debutatu zuen Lehen Mailan, 2015ean. Taldeko jokalaria, zelai-erdian zein defentsan jokatzeko gai, azken zazpi denboraldietan klubaren une handienetan presente egon da. 2019an Kopa irabazi zuen Granadan eta, aurten, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko lanean dihardu. Helburua lortzea espero du Etxezarretak. «Espero dut ahalik eta azkarren lortzea, egin dugun denboraldi bikaina ospatzeko. Datorren urteari begira aurten egin dugunaren ahalik eta gertuen egotea da helburua, eta, nola ez, Txapeldunen Ligara sailkatzea lortzen badugu, horretaz gozatzea».

«Oso pozik» agertu zen Etxezarreta, «klubean jarraitzeagatik eta eskaini didaten konfiantzagatik. Realeko kamiseta beste urtebetez janzteak harrotasuna ematen dit». «Txikitako nire ametsa da, beste gipuzkoar askorena bezala», gaineratu zuen. «Etxekoen aldeko apustua oso garrantzitsua da Reala bezalako talde batentzat eta horrela jarraitzea espero dut», esan zuen.

Kanpotarren laguntzarekin bada ere, etxekoekin urteotan egindako lana fruitu ederrak ematen ari da aurten. Etxezarretaren ustez, «talde giro polita sortu dugu. Eta daukagun anbizioa eta entrenamenduz entrenamendu eta asteroko partidetan erakusten dugun irabazteko eta ikasteko grina ere nabarmentzekoa da. Taldekideen giro polit hori sortuta errazagoa da».