Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altunak uko egin dio Ezkurdiaren aurka jokatzeari

Ezker eskuko minez, amezketarrak ez du igandean Eibarren jokatuko eta, atzerapenik ezean, partida arbizuarrarentzat izango da 22-0ko emaitzarekin.

Aurkezpen egunetik esana zuten pilotariek aurtengo Buruz Burukoak, horren gogorra izanik, arrisku handia zuela. Bada, txapelketak badu jada lehen biktima, ez nolanahikoa gainera, egungo txapeldunak, Jokin Altunak, uko egin baitio igandean Eibarren Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu behar zuen partidari, eskuetako minez.

Darioren aurkako partidaren une batean argi entzun zitzaion amezketarrari Gorka Altuna lehengusu eta botileroari «txikitu egingo diat» esaten eta, azken egunetan bere eskuen inguruan hitzik egin nahi izan ez badu ere, azkena astearteko material aukeraketan, azkenean atzo baieztatu zen txapeldunak ezker eskua mindurik duela.

Pilotariak berak enpresak zabaldutako bideo batean azaldu zuenez, «tendoiaren parean-edo handituta daukat dezente eskua eta min handia ematen dit. Gainera, zona hori da airez jotzen diodanean pilota bertan jartzen dudana eta ezin naiz horrela irten jokatzera. Aurkariari errespetua izan behar diot, publikoari ere bai, eta badakit partidara joanda hamar tanto ere ez nituzkeela egingo, eta, gainera, okerrago amaituko nukeela».

Sailkatzea asko zaildu zaio

Hartutako erabakiak ez du inola ere txapelketa Altunarentzat amaitu denik esan nahi. Araudiak inolako atzerapenik onartzen ez duela kontuan hartuta, EPELek ligaxkako bigarren partida Joseba Ezkurdiari irabazitzat emango dio 22-0ko markagailuarekin, baina, eskuak osatuko balitu, amezketarrak hirugarren eta azken partida jokatzeko modua izango luke, Zabaletaren aurka. «Dariok bi partidak irabazten baditu nik ez daukat inolako aukerarik, baina erabakia ezin nuen hartu horri begira. Oraintxe nire helburua da egunetik egunera hobetzen saiatzea eta ikusiko dugu».