GARA
donostia

Alarguntza-pentsio bat bikoiztera behartu du auzitegiak Arcelor Mittal

Auzitegiak ez du onartu Arcelor Mittalek bere kontrako epai bati jarritako helegitea. Hala, amiantoaren eraginez hil zen langile baten sendiari alarguntza-pentsioa igotzera behartu du enpresa.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko gizarte-arloko epaimahaiak ezetsi egin du Arcelor Mittal-ek bere aurkako kondenari jarritako helegitea eta, beraz, epaia berretsita, konpainiako langile ohi baten sendiari alarguntza-pentsioa igotzera behartuta dago, zehazki, %50. Irungo behargin horrek antzinako Lesakako Laminaciones enpresan egin zuen lan 30 urtez eta 2016an hil zen, lanean amiantoaren eraginpean egoteak eragindako mesotelioma baten ondorioz, LABek atzo jakitera eman zuenez.

Sindikatuak esan zuen auzitegiak berretsi egin duela enpresari kostuak ordaintzera behartzen zuen kondena. Gogorarazi zuen, Zuzenki bulegoarekin batera, «urte asko» daramala «kasu honetan erantzukizunak onartzeko lanean».

«Onar dezatela»

LABek Arcelor Mittali nahiz beste enpresa batzuei eskatu zien ez dezatela luzatu langile gaixoen eta haien senideen sufrimendua, hori egitea «krudela» baita.

Gainera, eskatu zien «beren erantzukizunak har ditzatela, amiantoa erabili zutela eta amiantoaren onurak jaso zituztela onar dezatela, prebentzio eta babes neurri egokiak ezarri gabe, eta horren ondorioz milaka langile gaixotu eta hil egin zirela».

LABek eskatu zuen «Konpentsazio Legea onartzea, neurri gehiago ezartzea, amiantoa kentzea eta osasun publikoko arazoen tratamendua ematea, langileei eta eragindako biztanleei behar bezalako kontrol medikoak eginez».