GARA
GASTEIZ

Herri txikietan dendak irekitzea sustatzeko laguntza eskatu dute

Oinarrizko produktuen hornidura bermatze aldera, herri txikietan merkataritza sustatzeko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean. Herri horietako huste eta zahartze prozesuak gelditzeko balioko lukeela uste du koalizio independentistak.

2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan funtsezko produktuak bermatzeko eta hustea eta zahartzea gelditzeko proposamena egin du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean. Denda berriak irekitzeko dirulaguntzak eskain daitezela eskatu zuen atzo Itxaso Etxebarriak prentsa ohar baten bidez.

Legebiltzarkideak azaldu zuenez, «herri askok ez dute oinarrizko merkataritza-ehunik eta, ondorioz, bertako biztanleek beste udalerri edo hiri batzuetara joan behar dute oinarrizko produktuez hornitzeko, eta arazoa larriagotzen da autorik ez duten pertsona helduen kasuan, euren autonomia erabat mugatuta gelditzen da eta».

Azterketa

EH Bilduko eledunak jakinarazi zuenez, alde batetik, Lakuako Gobernuari, foru aldundiei eta Eudeli eskatzen diete egin dezatela azterketa bat elkarlanean, 2.000 biztanletik beherako herrietan premiazko produktuak bermatzeko dauden denden inguruan.

Proposamenaren baitan, bestetik, dendarik ez duten herrietan premiazko produktuak saltzeko negozioak sustatzeko dirulaguntzak martxan jartzea eskatu zuen.

Etxebarriaren esanetan, «negozio horietan premiazko produktuen, bestelako tokiko produktuen eta bertako artisau produktuen salmenta ostalaritza edota turismoarekin lotutako zerbitzuekin uztartzea bultzatuko litzateke».

Herri horietako askotan despopulatze eta populazioaren zahartze prozesua jasaten ari direla esan zuen.

Testuinguru honetan, zerbitzu horiek herri hauetako hustuketa eta zahartze prozesuak gelditzeko balioko luketela uste du koalizio independentistak.

Horregatik, EH Bilduk ez-legezko proposamena aurkeztu du Gasteizko Parlamentuan, oinarrizko produktuen hornidura bermatzeko.