Irati Esparza

Azkarateko herriaren etorkizuna, salgai

Ainciburu familiak, nahiz eta gehiago bertan bizi ez, ondare biziki handia du Nafarroa Behereko Azkarate herrian. Oinordekotza arazoak tarteko, oinordekoek ez dute elkarrekin ados jartzea lortu eta epaileak 31 hektarea laborantza lur, bi etxe eta herriaren erdi-erdian diren lursail eraikigarriak enkantean jartzea erabaki du. Salmenta maiatzaren 12an iraganen da Baionako Auzitegian. Hasiera batean finkatutako prezioa 164.000 eurokoa da: Arizpia etxea 60.000 euroan estimatua da, beste etxea 30.000 euroan eta lursailak 74.000 euroan. Azkarateko herriko kontseilua beldur da enkanteak neurrigabeko espekulazioa eta prezio gorakada irrazionala eragingo ote dituen herrian. Atzo prentsaurrekoa eskaini zuten hautetsiek mezu argia entzunarazteko: «Ozen eta azkar erranen dugu, gu Azkarateko herria, enkantera joanen gara lur horietaz jabetzeko, denen intereserako». Philippe Etchenique auzapezak azaldu zuen Herriko Etxeak hilerri bat eraikitzeko, tokiko laborariei laguntzeko eta etxebizitzak eraikitzeko eskuratu nahi dituela lurrak.