GARA
BILBO

Soldata eta pentsioen alde kalera aterako da Eskubideen Karta

Soldatak, pentsioak eta gizarte prestazioak defendatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaileek mobilizazio dinamika abiatuko dute eta manifestaziora deitu dute hilaren 26rako, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. «Bizitza duina bermatzeko aberastasuna banatu behar da», aldarrikatu zuten eta egungo egoerari buelta eman ahal izateko eta soldatak, pentsioak eta prestazioak defendatzeko kalera atera beharra dagoela adierazi zuten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldia egin zuen atzo, Bilbon, azken hilabeteetan landu duen birkokapen sozialaren berri emateko eta bizitzaren garestitzearen aurrean martxan jarriko duten mobilizazio dinamika berria aurkezteko. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoak eta Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiak eman zituzten azalpenak.

Hasteko, herritarrak jasaten ari diren prezioen igoera handiari buruz arazoa egiturazkoa dela nabarmendu zuten: «Iazko inflazioa (%6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa %9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia». Aditzera eman zutenez, prezioen gorakadaren «%70 Ukrainako gerra piztu baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioaren eta elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemaren ondoriozkoa».

Pobrezia zabaltzen

Milaka langilek, pentsiodunek eta prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, «bereziki emakumeek, gazteek eta pertsona migratuek», pobreziaren atalasearen azpitik dauden diru sarrerak jasotzen dituztela salatu zuten.

Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek «pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta, beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen, langile eta herritarron erosahalmenari erasoz». Horri erantzuteko gakoa zergak jaistea dela diotenei kritika egin zieten. «Zergarik ezean, nola pentsatzen dute zerbitzu publikoak ordaintzea? Sistema publikoa eraisten ari dira eta are gehiago murriztea da euren asmoa», ohartarazi zuten.

Egoera horren aurrean, soldaten, pentsioen eta gizarte prestazioen erosahalmena defendatzeko, herritarrek mobilizatu beharra dutela azpimarratu zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Hala, manifestazioak egingo ditu maiatzaren 26an, 19.00etan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Bizitza duinak ez du preziorik!” lelopean.