Musika «kontsolamendu» gisa aldarrikatuko du BOSek
Bilbao Orkestra Sinfonikoak programazio «eklektikoa» prestatu du 2022-2023 denboraldirako. Besteak beste, zinema, musika, txotxongiloak eta antzerkia izango dira BOSek eskainiko dituen 34 kontzertuetan, musika «kontsolamendua» delakoan. Mendeurrenaren ospakizunekin jarraituko du BOSek, eta, bi hitzordu berezi ere eskainiko ditu: Ukrainaren omenez egingo den kontzertua eta Brass for Africa erakundeko musikarien bisitaldia.

BOSen 2022-2023 denboraldiak hainbat diziplina artistikori egingo die leku urritik ekainera luzatuko den programazioan, antzerkia eta zinema, besteak beste. Mendeurrenaren ospakizunetan murgilduta dago BOS, eta, 34 kontzertuz osatutako programan, Udal Bandarekin lankidetza, Andres Isasiren obraren lanketa eta Gabriel Erkorekaren pianorako kontzertuaren estreinaldia nabarmentzen dira.
Egungoak bezalako garai nahasietan, musika «kontsolamendu» gisa aldarrikatzea da datorren denboraldi honetarako hautatu den leloaren ardatza. Musikan aurkitzen dugun kontsolamendua helarazi nahi diotelako Ukrainako herriari. Hori dela eta, irekiera-programak Reinhold Gliere ukrainarraren musika ohoratuko du, seguru asko Kiev hiriak emandako konpositore garrantzitsuena. Marie-Pierre Langlamet Berlingo Filarmonikoko harpa-jolearen eskutik, Glierek idatzi zituen hiru sinfonia zoragarrietako bigarrenarena eskainiko du BOSek.
Afrika eta etorkizuna
Ildo beretik doa Afrikarekin lotutako beste kontzertu interesgarri bat: Brass for Africa ongintzako erakundearen musikariak ekarriko dituztelako Bilbora. Wynton Marsalis eta Alison Balsom musikari handien laguntzarekin, hamar urte baino gehiago daramatza Uganda, Liberia eta Ruandako ehunka gazteren bizitza aldatzen aipatu erakundea, musikaren bidez gazteak marjinaziotik eta pobreziatik aldentzea helburu.
2022-2023 denboraldia «etorkizunera begira» egongo dela ere nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak atzo adierazi zuenez, «kontsolamenduz, lasaitasunez eta artearen aldeko emozioz betetako denboraldia da. Gutxienez beste 100 urtez BOSez gozatu ahal izatea espero dugu, ikur kultural erreferentziala izatea nahi dugu eta».
Erik Nielsen zuzendari titularrak mendeurrena oraindik ez dela bukatu azpimarratu nahi izan zuen, eta denboraldi berrian ospakizunen energia bera jarraituko duela baieztatu zuen. Bide batez, ehun urteak oroitzeko erronka handiena asteon eskaini den “Siegfried” lana zuzentzea izan dela zehaztu zuen.
Programazioan “Lord of the Rings” pelikularen inguruko emanaldia ere nabarmentzen da. Bertan, Bilboko Koral Elkartearen abesbatzak eta Bilboko Koral Elkarteko haurren abesbatzak musikatuko dute filma.
Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari orokorrak azpimarratu zuenez, «proposamen berritzaileak ezagutzeko aukera emango du denboraldi honek, hainbat gauza uztartzen dituelako. Orkestrako gizataldearen lanaren ondorioa da, gainera».
Normaltasunera bidean
Pandemiaren aurreko ikusle kopurura bueltatzeko beste bi denboraldi beharko direla aurreikusten dute arduradunek. Hala ere, datorren honetan jarduera «apurtxo bat» haziko dela espero dute. Aranbarrik azken urteotako ikusleen jaitsiera «nabarmena» izan dela gogorarazi zuen, baina «erreferente bihurtzeko etorkizunera begira» daudela azpimarratu zuen.
Denboraldia osatzeko, Bizkaian zehar hainbat hitzordu prestatu ditu BOSek. Momentuz Getxon, Santurtzin, Lekeition, Gorlizen eta Durangon eskainiko ditu kontzertuak. Bizkaitik kanpo Iruñean eta Donostian izango da BOS.
Etorkizunera begira, etengabe hobetzeko konpromisoarekin batera, sarrerak erosteko plataforma digital berri batean lanean ari direla jakinarazi zuten atzo BOSeko arduradunek. Halaber, ikusle mota guztietara egokitzeko sarrera eta abonu mota desberdinak prestatu dituzte.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
