Marcel PENA
Larrabetzu

Bizkargiko borrokatik 85 urtera hildako sei gudari gabiriarrak oroitu dituzte

Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Bizkargi Egunean, bertan izandako borrokaren 85. urteurrena gogoratzeko. 1937an faxisten kontra borrokan hildako Amaiur Batailoiko sei gudari gabiriar oroitu zituzten bereziki atzokoan, bertsoz, txalaparta doinuz eta ekitaldi batekin.

Aurtengo Bizkargi Egunak Bizkaiko mendian kokatutako frontean hildako Amaiur Batailoiko Gabiriako sei gudariak gogoratu zituen atzo omenaldi batekin, Euskal Gudarostearen eta tropa faxisten arteko borroken hasieraren 85. urteurrenean. Ehunka pertsona igo ziren atzo Bizkargi mendiaren gailurrera bertan egin zen memoria ekitaldian parte hartzeko, tartean Gabiriatik heldutako 70 lagun baino gehiago, horietako 11 bizikletaz iritsitakoak.

Duela 85 urte hildako Luis eta Simon Altzueta anaiak, Joxe Mari Gabiria, Joxe Apaolaza, Ramon Igartzabal eta Jexux Izagirre gabiriarrei omenaldia egin ondoren, Gaizka Arangurenek eta Iñigo Santxok hartu zuten hitza. Arangurenek Amaiur Batailoia izendatzeko gudariek Nafarroako herriko gaztelua gogoan izan zutela nabarmendu zuen, eta biek «Euskal Herriaren erresistentzia» sinbolizatzen dutela azpimarratu zuen.

Bestalde, Santxok Amaiur Batailoia osatu zuten gabiriarren ibilbidearen errepaso historikoa egin zuen, 1936ko irailean Gabiriatik irten zirenetik Laredon tropa italiarren esku geratu ziren arte. Aurretik batere esperientzia militarrik ez zuen gazte taldea zela nabarmendu zuen, estatu kolpearen ondoren herriaren defentsan parte hartu zuena, eta ondoren Euskal Herrian zehar ibili zena tropa faxisten aurka borrokan. 1936ko udazkenean, boluntario sartu ziren Amaiur Batailoian Gernikan, 1522an 200 nafarrek defendatutako gaztelua gogoan. «Oraindik ez zekiten eurek ere ausardia handia erakutsi beharko zutela», azaldu zuen Santxok. Maiatzaren 9an deitu zieten Bizkargira joateko. «Eraso gogorrak egiten ari ziren faxistak eta Amaiur Batailoiko gudariak zuzen-zuzen igo ziren goraino, Espainiako bandera kendu eta ikurrina jartzeko», gogoratu zuen.

Bizkargiko gaina batzuetan abertzaleen esku eta beste batzuetan faxisten esku egon zen maiatzaren 14ra bitartean. Egun horretan, Alemaniako abiazioak mendia bonbardatu eta sei gabiriarrak hil zituen: «Kolpe oso gogorra izan zen, baina Amaiur Batailoiak Bizkaian segitu zuen, gero eta atzerago, Castrora heldu arte. Uztailean Laredora joan ziren eta militar italiarrek bertan harrapatu zituzten azkenean».

«Herri duina»

Azkenean, Santxok memoria historikoaren bi oinarri nagusiak aipatu zituen: «oroimena eta heziketa». Santxok nabarmendu zuenez, «herri duina da urtero-urtero Bizkargi bezala tokietan hildako gudariengatik ekitaldiak antolatzen dituena. Herri duina da Gabiriatik Larrabetzuraino bizikletaz etortzen diren gazteak dituena. Herri duina da Lemoan, Buruntzan eta Areetan gurutze faxistak botatzen dituzten gazteak dituena. Aldiz, Parlamentu bat ez da duina Memoria Historikoaren Legea bertan etengabe trabatuta duenean».

Txalapartariak eta Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga Txiplas bertsolariek ere parte hartu zuten atzoko ekitaldian. Bereziki hunkigarria izan zen, halaber, Euxebio Igartzabalek botatako bertsoa, Ramon Igartzabal gudariaren ilobak. Lehen aldiz zapaldu zuen atzo Bizkargi mendiko gailurra. «Talde bat irten Gabiriatik / herria salbatu asmoz. / Bueltan etorri ez ziren haien / ordezkoak hemen gatoz», kantatu zuen.