Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jakak jarri dio azken puntua Artolak garatutako gidoiari

Txapelketako partidarik piloteatuenean, denera 370 pilotakada gurutzatu dituzte, alegiarrak eraman du gehienean ekimena, markagailuan bezala jokoan ere, baina 15-18 aurreratu ostean eskura zuen garaipena ixteko inspirazioa falta izan zaio.

ERIK JAKA 22

ARTOLA 21

 

Amildegi ertzean jokatzea gustuko duen pilotaria da Erik Jaka, kale edo bale jokatu behar denean hazi egiten den horietakoa, eta horrek eman zion atzo finalerdietarako txartela. Atzokoan, ordea, lizartzarrak baino, Artolak eraman zuen lehia mugara, partida oso fisikoa eta gogorra bihurtuta. Aldiz, alegiarrak ez zuen gidoia ixten asmatu, azken txanpan amaitzeko inspiraziorik ez zuen izan –airez ez zuen tanto bakar bat ere bukatu– eta Erik Jakak jarri zion azken puntua Bilboko agoniari.

Krudela bezain gogorra izan daiteke Buruz Burukoa eta atzo Bizkaia pilotalekuan lehiatu ziren bi pilotariek inork gutxik bezala dakite hori. Urrutiegira joan gabe, gaur beteko da urtebete, Baikon jokatzen zuen lehen partidan, binakako finalaren atarian, bihotzeko arazoak izan zituela Jakak. Horrenbestez, urtebete lehenago jantzitako txapela defendatu ezinik geratu zen ustekabean. 364 egun geroago, arazo horiek historia dira zorionez eta fisikoki sasoi bikainean dela erakutsi zuen Jakak, partidarik distiratsuena jokatu gabe lau onenen artera itzuliz.

Artolari, bere aldetik, berriz ere kirolaren aurpegi gogorrena bizitzea tokatzen zaio, horren gertu zuen garaipenak ihes egin ziolako. Hala ere, iazko finalean jokatu ezinda geratu ostean, lesio haren ordaina etor dakioke, inork nahiko ez lukeena gertatu eta Laso Altunaren aurka jokatzeko moduan ez balego. Bihar egingo du proba nafarrak.

Bezperako Altunaren erakustaldiaren ostean, ona baino, gogorra irten zen jardunaldiko azken partida, Donostiakoa eta Bilbokoa kirol, edo gutxienez modalitate, desberdineko lehiak balira bezala. Atanon txapeldunak pilotaka bakoitzari zentzua eman bazion, Bilbon lehia erabat fisikoa bihurtu zuten Artolaren nahiak eta Jakaren ezinak.

Sakearekin minik ez

Sakean ez zuten batere asmatu eta 2020ko txapeldunak behar-beharrezkoa du lehen pilotakada bere joko oldarkorra martxan jartzeko. Pilotak azkar gastatzeak ere ez zioten batere lagundu, baina, oldarkortasunik gabe, Artolaren besoa ere gastatuz joan zen, eta, partida frontisetik gertuago jokatuz joan zen eran, Erik Jakaren aukerak biderkatu egin ziren, azken puntua lizartzarrak jartzeraino.