«Euskara Aurrera» martxan parte hartzera dei egin du euskalgintzak
Asteburuan Iruñean eta Senperen milaka euskaltzalek kaleak hartu ondotik, euskararen herri gogoa badela eta egonen dela adierazten segitzera animatu zuten euskalgintzako hainbat eragilek. Maiatzaren 21ean, Donostian «urrats erraldoi bat» egiteko deia zabaldu zuten.

Datorren maiatzaren 21ean, larunbatarekin, Donostian eginen den “Euskara Aurrera” manifestazioak atxikimenduak jasotzen segitzen du. Atzo euskalgintzaren txanda izan zen, eta 17.30ean martxa aterako den toki berean, Antiguako tunelaren ondoan, elkartu ziren hainbat ordezkari.
Tartean ziren Paul Bilbao (Kontseilua), Lorea Agirre (Jakin), Jon Abril (Elhuyar), Kike Amonarriz (Topagunea), Alizia Iribarren (AEK), Joan Mari Larrarte (Elkar) eta Laida Begiristain (Maizpide euskaltegia). Beren mezua zabaltzearekin batera, mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten.
Iragan asteburuan milaka euskaltzalek Iruñeko kaleak eta Senpereko aintziraren inguru guztia hartu zituztela oroitu zuten. «Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonak» dira, «euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean ere egongo dela» adierazten dutenak, nabarmendu zutenez.
Esplikatu zutenez, euskalgintzako eragileei Euskal Herriaren euskalduntzean aurrera egin nahi bada «bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna», bi gauzak, uztartu behar direla erakutsi zien asteburu horrek.
Badakite euskarak hamaika zailtasun eta erronka dituela: euskararen aurkako epai juridikoak areagotu dira, hizkuntza politikak ez dira iristen euskarak dituen erronkak betetzera, ezagutza unibertsala izateko urrats erabakigarriak falta dira...
«Ezin dugu esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik. Euskara XXI. mendera bizirik heldu bada, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izan da. Etorkizunean euskarak aurrera egingo badu, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da», ohartarazi zuten.
Kimu berriak eta argi izpiak
Bide horretan ikusten dute «kimu berririk eta argi izpirik»: euskalgintzak egunero herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du, inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena egin da, Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da...
«Bada, beraz, herri gogo nahikorik euskarak behar duen herri bultzadarako». Horretarako, ordea, «aurrerapauso bat eman behar dugu euskaltzale guztiok»: «Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko, euskara normalizatzeko, hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko, guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko, euskara herri kohesiorako zuntza izateko, finean Euskal Herri euskalduna izateko», aldarrikatu zuten.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
