GARA
donostia

Sare komunitarioak hedatzeko operadorea aurkeztu du Udalbiltzak

Udalbiltzak EH Kom telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioaren proiektua aurkeztu du Andoainen. Azaldu duenez, proiektu honek udalerri eta auzoetan sare publiko-komunitarioak jartzen lagunduko du, arrakala digitala gainditzea xede hartuta.

Udalbiltzak EH Kom telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioaren proiektua aurkeztu zuen atzo Andoainen. Udalerrietan sare «ireki, neutro, libre eta publiko-komunitarioak» sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko helburua duen Euskal Herriko operadore nazionala izango da EH Kom.

Ekitaldian, besteak beste, udaletako ordezkariak, Puntueus eta Bai Euskarari fundazioetakoak, Martin Ugalde Kultur Parkekok edota Izarlink, Goiener, Hiritik At eta Izarkom-eko kideak izan ziren, baita EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak ere.

2020tik diseinatzen ibili diren proiektuari buruzko azalpenak eman zituzten hizlariek, eta ekitaldiari ukitu artistikoa eman zion Oreka TX taldeak. «Ttakun-ttakun hotsak informazio bitekin ordezkatuak izan diren garai honetan ere, telekomunikazio tresna burujabeak behar ditugu, eta, txalaparta bezala, gureak», azaldu zuen Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak.

Asurmendiren hitzetan, «Nazio Batuen Erakundeak berak ere Interneterako eta Informazio eta Komunikazio Teknologietarako sarbidea giza eskubidetzat aitortua» duen arren, arrazoi geografiko eta sozioekonomikoengatik dagoen arrakala digitala gainditzeko xedearekin jaio zen proiektua, teknologia burujabetzatik eta herri ikuspegitik». Helburua da auzo eta herrietan sare ireki, neutro, aske eta publiko-komunitarioak garatzea eta sustatzea. Izan ere, Interneterako sarbidea oinarrizko eskubidea den heinean, azpiegituren eta zerbitzuen demokratizazioa eta herritarren ahalduntzea ezinbestekoak direla aipatu zuten EH Kom operadorearen bultzatzaileek.

Eratze prozesua

Clara Rougetek Udalbiltzako teknikariak azaldu zuen proiektu honen eraketa prozesua: «Izarkom eta Hiritik At-ekin bat egin genuen eta hiruron artean hasi ginen egitasmoari forma ematen. Telekomunikazio burujabetza batzordea osatu genuen, gu hiruroz gain arlo honetan interesa zuten hainbat udal ordezkarirekin eta aditurekin. Batzorde horretan, esperientzia eta lanketa ezberdinak ezagutzeko parada izan genuen, baita Euskal Herritik at ere, Herri Katalanetako Centelles udalerriarena, kasu».

Ondoren, idazkari-kontu hartzaile eta bestelako adituen laguntzarekin, zailtasun juridikoak aztertu zituzten, Hego zein Ipar Euskal Herriaren marko juridikoen mugak aztertuz; eta horiei irtenbidea emango zien proiektua diseinatu zuten.