«Edizio berezia» antolatu du UEUk 50. urteurrena ospatzeko
Aurtengoa edizio «berezia» izatea nahi du UEUk, 50 urte betetzen dituelako. Xede horrekin antolatu ditu 22 jardunaldi eta topaketa eragileekin elkarlanean, eta euskal gizartearentzat «garrantzitsuak» diren gaiak jorratuko dira. Matrikula zabaldu dute dagoeneko.

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten. «Edizio berezia» izatea nahi du UEUk, eta, hori dela eta, 22 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Maiatzaren 21ean Biarritzen egingo den “50 urte UEUgintzan” jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei.
Biarritzeko hasierako jardunaldiaren ondoren, UEUren Udako Ikastaroen lehen astea ekainaren 27tik uztailaren 1era izango da, Iruñean, Bilbon, Eibarren eta Donostian; jarraian, uztailaren 4tik 8ra, Eibarren eta Usurbilen izango dira jarduerak; azkenik, uztailaren 11tik 15era, Baionan eta Eibarren eskainiko dira azken topaketa eta ikastaroak. Matrikulazioa zabalik dago jada www.ueu.eus atarian.
Jardunaldiak eta topaketak
Irati Iciarrek aurtengo ikastaroei dagozkien xehetasunak azaldu zituen atzoko prentsaurrekoan, Kepa Sarasola eta Pauline Guellerekin batera.
Lehenak jakinarazi zuenez, 22 jarduera antolatu dituzte, baina aurten guztiak izango dira jardunaldiak edo topaketak. «Euskal gizartearentzat estrategikoak diren hainbat gai lantzeko aukera paregabea genuela ikusi genuen eta horretarako, ohikoa den moduan, hainbat eragilerekin #ElkarEkin antolatu ditugu: hamar eragile, UEUko hamar sail eta azpiegituretan ere beste zortzi eragile izango ditugu bidaide», adierazi zuen.
Bere iritziz, «fruitu asko» emango duen edizioa izango da aurtengoa, «etorkizunera begira jarriko baikara». Hausnarketa hauetan ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, hamar euroko prezio eskuragarria jarri diote matrikulari.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
